Duela gutxi Azkoitiko kale bateko kartel bati esker jakin dut -pozez jakin ere- Azkoitiko mendizaleak Palentziara joatekotan direla, Espiguete mendiaren igoera egitera.
Esan bezala, leitu eta poz handia hartu dut. Izan ere, hango lurraldeetakoak dira gure aita-amak, eta, txiki-txikitandik, ia urtero joan ohi gara familiakoak hara, oporretan.Aita-amen herriak Palentziako iparraldean daude, justu Montaña palentina hasten den eremuan. Palentziako iparraldea eta Liebana betidanik izan dira oso loturik, eta berezko lurraldea osatzen dute ohitura eta kultura aldetik.
Espiguete amaren herritik ikusten da; zeruko ortzi-muga da han, hemen Izarraitz den bezala. Gure amak kontatzen zidan bera gaztea zela elurretan zegoela beti; orain aldiz, neguko hilabete batzuetan zuriz ikusten da soilik, eta, batzuetan, ezta hori ere, aldaketa klimatikoaren ondorioz.
Gure aitonak ere istorio beldurgarriak kontatzen zizkidan txikitan Espiguete eta Curavacas mendiei buruz. Hala nola, otsoa eta hartzaren bizitokia zela, han lurraren erdigunerainoko leizeak zirela, baita amaierarik gabeko zuloak ere, bertara eroriz gero, betiko erortzen ematen zenuela eternitatea… Eta halaxe da, bai; misterioa eta tabua atxiki zaizkie mendi horiei betidanik. Kondaira asko entzuten dira egun oraindik ere. Horregatik aitonak udan aholkatzen zuen igoera, eta sekula ez bakarrik; beti ere Mazobres bidetik, errazagoa da eta. Semeak, esaterako, bost urterekin igo zuen nirekin.
Asko dut kontatzeko, egia esan, hango lurraldeaz, batez ere historia aldetik, baina hori beste baterako lagako dut. Honatx hemen, beraz, Espigueteri buruzko datu batzuk:
Espiguete haitz-punta (2.450 m.) Kantauriko mendikatearen inguruetan (Fuentes Carrionas mendigunea), Palentziako mendietako gain garaienetakoa da, eta, altuena ez izan arren, Palentziako gailur ezagunena da. Kantauri mendikatean dago. Altitudea: 2.450 m. Hegoaldeko igoera: Cardaño de Abajo. Malda: 474 m (gutxi gora-behera).
Bertara iristeko Palentziatik, hots, hegoaldetik, da egokiena, errepideak hobeak dira eta: Guardo - Velilla del Rio Carrion - Camporredondo de Alba - Cardaño de Abajo - Cardaño de Arriba.
Cardaño de Arribara iritsi aurretik, errepide estu-estu batean, aparkaleku bat dago eta hortik hasten da bidea; gaina hartzen bada, noski, azken zatia da gogorrena. Animo!
KOKAPENA:
Espiguete Fuentes Carrionas eta Fuente Cobre-Montaña Palentina Parke naturalaren barruan dago, Velilla del Rio Carrion Udalean, Cardaño de Abajo eta Cardaño de Arriba herrien ondoan, Guardotik 26 km-ra eta Palentzia hiriburutik 126 km-ra. Bere mendebaldeko mugak Valverde de la Sierra (Leon) herrian ditugu.
EZAUGARRIAK:
[caption id="attachment_8006" align="alignright" width="222"] 3. Irudia: Hegoaldeko bista Camporredondo urtegitik
Mendia piramide formako kareharrizko masa handi bat da, urrutitik ikusgai dena, inguruko beste haitz-puntetatik isolaturik egoteagatik. Hegoaldeko erliebea leuna da, eta iparraldekoa, aldiz, horma bertikal zakarrekoa; bere konposaketagatik, gainera, itxura aldaketa asko ditu, urtaroaren arabera eta argiztapenaren arabera. Goian aipatu bezala, elurrez estalita dago neguan eta horrek balore estetiko handia ematen dio mendiari.
GEOMORFOLOGIA
Espiguetek asko engainatzen du bere itxura irmoagatik, izan ere barrutik hutsik dago; bai, lurpeko ibai eta laku handiak ditu bere barnean, leize sakon eta kobazulo anitz; beraz, altxor handi preziatua da espeleologoentzat.
FLORA
Eguraldi txarragatik ez dago landarerik, mendi garaiko liken eta landare txiki batzuk soilik. Horien artean dugu bertan soilik topa daiteken espezie bat, Sempervivum barietatea. 1935 urtean aurkitu zuen Paul Leon Giuseppi botanikariak, eta bere omenez jarri zioten izena: Sempervivum Giuseppi.
HISTORIA
Casiano de Prado geologo eta naturalista izan omen zen lehena igotzen, 1854an. Geroxeago, 1892an, Coulonges-sur-l'Autize herriko Aymar de Saint-Saud mendizale eta kartografoak igo zuen, Picos de Europara eginiko bisitaldian.
Gertakariak eta mendizale-erreskateak izaten dira maiz, neguan batez ere; izan ere, bere iparraldeko igoera erronka handia da eskalatzaileentzat. Elur-jausiak sarritan izaten direnez, istripu asko gertatu dira. Esaterako, 2003an Guardia Zibilaren helikoptero batek istripua izan zuen parapente zale baten erreskate-prozesuan aldaparen kontra jotzean.
Oro har, Palentzia, Leon, Kantabria eta Valladolid-eko mendizaleek bisitatzen dute. Halarik ere, euskal mendizaleak nabarmen gehitu dira azken boladan. Baina, tamalez, bost bizkaitar zendu dira Espigueten laurogeiko hamarkadatik hona; beraz, kontuz ibili.
Ondo pasatzeko, hau da, festa egiteko, Cervera de Pisuerga aholkatzen dut (horrela Ruta de los pantanos egin daiteke batera). Cervera de Pisuerga poteatzeko herri aparta da, eta asko ligatzen da gainera. Gero, bestalde, animatzen bazarete, Potes eta Riaño herriak ere hor daude, Espiguetetik gertu. Ondo pasatu eta itzuli etxera!
Juan Karlos Merino