KOADERNO BERDEKO POSTALAK-28
Azkoitiko errebala, 2014ko uztailaren 8a
Garbigailutik arropa atera, eta esekitzen hasi naiz gaur eguerdian. Hartan, etxeko txirrina entzun dut. Gure mutikoak eta biok atea zabaldu dugunean, gizon batek egin digu agur, gaztelaniaz. Lanik gabe dagoela esan digu, eta laguntza bat emateko eskatu, mesedez. Pixka batean egoteko eskatuta, etxera sartu eta txanpon bat eman diot Unairi gizonari eman diezaion. Eskerrak eman dizkio gizonak, eta mutikoak “Ez horregatik!” erantzun dio. Ondo esana, otu zait neure kolkorako.
Handik gutxira, patioko leihoa zabaldu eta arropa esekitzeari lotu natzaio berriz. Solairu batzuk beherago, gurera etorritako eskekoa entzun dut, etxepeko lagun batekin hitz egiten. Zerbait eman dio hark ere, nonbait, eta bukatzeko esan dio: “Otarteko baterako izan dadila!” Eskean ari denari eskean, alajaina, iruditu zait neure kabutan.
Arratsaldeko zortzi t´erdiak pasatxo direnean, eguneko bigarren arropa garbialdia esekitzen hasi naiz. Bat-batean, txirrinak jo du. Elektrizitate-enpresa erraldoi baten izenean datorren gazte trajedunak bere burua aurkeztu du gaztelania jantzian, eta beren eskaintzen berri ematen hasi zaigu. Askotan adierazi izan diegun bezala, zerbait nahi dugunean geuk jakinaraziko diegula adierazi diogu mutilari. Horrekin nahikoa ez, eta berean jarraitu du, eta erantzun bera eman diogu. Guk esandakoa aintzat hartu gabe, harritu plantak egiten hasi da gure ezezkoaren aurrean, ezezkoa ematea ergelen kontua balitz bezala. Ahal genuen moduko patxadari eutsita, nahikoa dela azaldu diogu, eta agur esan, atea itxiz.
Eta pentsatu dut, neure artean: eskatzeko moduak erakusten ote du benetan bakoitzaren premia zenbaterainokoa den?
Aitor Arruti Rezabal