"Ramadan kareem" esaldia esanez hasten dute mundu osoko musulmandarrek ramadana, elkarri baraualdi ona opatzeko. Ramadana zer den pixka bat argitzeko, Azkoitian bizi den Saharako Embarka Belkher auzokideari egin diogu elkarrizketa.
-Zenbat urteekin hasten zarete musulmanak Ramadana egiten?
Umeek eta gaixoek ez dute egiten, emakumeek hilekoa etortzean hasten dira, gizonak 18 urterekin, eta zaharrek nahi badute egiten dute, eta ez badute nahi ez.
-Ze arau ditu Ramadanak?
Musulmandarr0k egunean 5 aldiz errezatu beharra dugu. Eguzkiaren arabera banatzen dira gure otoitz saioak. Lehena eguzkia irten aurretik izaten da, eta ramadan garaian, lehenengo otoitz honetatik eguzkia ezkutatu arte ezin dugu ez edan eta ez jan. Bitarte horretan, berriz, iluntasuna hasten denetik eguzkia berriro azaldu arte, alegia, jan eta edanez familia edo lagunekin biltzen saiatzen gara.
-Oker ez banabil behintzat, Ramadanaren egutegia aldatu egiten da urteetan zehar, zergatik?
Ba, ilargiaren arabera egiten dugulako. Aurten ekainaren 29ko ilargi berriarekin hasi eta uztailaren 27ra arte, hau da, ilargiak Lurrari buelta osoa ematen dion arte, iraungo du Ramadanak. Urtero hamar bat egun aurreratzen da, eta horri esker urteko hilabete guztietan egin dezakegu Ramadana!
-Zer gertatzen da ezin baduzue Ramadana egin?
Urtean zehar egin dezakezu, edo bestela laguntza behar duen jendeari lagundu.
-Eta baraualdiko zer gustatzen zaizu gehien?
Ba, bukaera, bai horixe! Egun gogor hauetan iraun eta gero, festa ospatzen dugu, "EID EL FATER" izeneko festa, familia eta lagunak biltzen gara jan eta edateko, eta festa horretarako jantzi berriak erosten ditugu!
Oraindik ezin dizkizut eskerrak eman, Embarka, baina uztailaren 28ko EID EL FATER festan emango dizkizut ziur!
Tere Al-dalur