ZABORRAREN AFERA: ELKARRIZKETA ALKATEARI

Maxixatzen.eus 2014ko eka. 17a, 07:32

Urrategi Alberdi

Zaborraren aferak gure herrian azkenaldian hautsak galanki harrotu dituenez, hiru elkarrizketa egin ditugu.

Azkoitiko alkate Urrategi Alberdiri egin diogu bat, Atez Atekoaren aurkako plataformako Ricardo Iriondori bestea eta Azkoitia Zero Zaborreko Irati Lopetegiri hirugarrena, hirurei galdera beraiek eginda. Gaur hasi eta osteguna bitarte, egunean bat argitaratuko dugu. Hona hemen alkateari egindakoa:

1. Zergatik ez du funtzionatu orain arteko sistemak?

Zaborrekin arazo larri bat daukagu. Asko sortzen dugunez, ingurumenari izugarrizko kaltea eragiten diogu, eta gure seme-alaben etorkizuna kolokan jarriz. Sortzen duguna ondo kudeatzea da une honetan buruhausteak eragiten dizkiguna. Gaur egun, inor ez da ausartzen birziklatu behar ez denik esaten, eta aurrerapauso handia da hori. Azkoitian ikusten dugu badaudela familia asko birziklatzen dutenak, gauzak berrerabiltzen dituztenak eta gutxiago sortzen saiatzen direnak. Geroz eta gehiago dira, berriz, konturatzen ari direnak gauzak ondo egitea denon onerako dela. Baina Azkoitiko birziklatze-maila %35ekoa denez, herritar askok ez du birziklatzen, batzuk ezjakintasunagatik, erosotasunagatik beste batzuk eta arduragabekeriagatik ere bai beste batzuk.

2. Zein dira sistema mistoaren onurak edota hutsuneak?

Hondakinen mahaiko teknikarien ekarpenetatik, besteak beste, honako ondorioa atera genuen: edukiontzi grisak poltsa handi batean dena nahasian botatzeko aukera ematen du. Beraz, horri ahoa itxi ezkero, jendea birziklatzera bultzatuko dugu, beste aukerarik ezean. Hutsuneei dagokienean, gaizki egin nahi duenak gainontzeko edukiontzietan nahasian bota dezake zabor guztia. Hutsune hori atez atekoak bete egingo luke.

3. Zer proposatzen duzue % 70eko birziklatze tasa lortzeko?

Zentzunez, arduraz eta errespetuz jokatzen badugu, ez dugu inolako arazorik izango %70 lortzeko, eta azkoitiarrok harro sentitzeko moduan izango gara %85 edo gehiago lor dezakegula ikusitakoan. Hezitzaileak jarri ditugu informazioa zabaltzeko, liburuxka bat banatuko dugu etxe guztietara gauza bakoitza non bota behar dugun jakiteko, web-orria, app-ak. Gure esku dagoen guztia egingo dugu herritarrei gauzak errazteko. Denon ardura da guztiok birziklatzea. Aldamenekoak birziklatzen ez badu, nire ardura ere bada. Beraz, gure familia, lagun eta auzokideei informazio zuzena zabaltzeko eskatu nahi diegu azkoitiarrei, Azkoitian badakigulako gauzak ondo egiten.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide