[caption id="attachment_7159" align="alignleft" width="216"] Oñederren aurkako ekintza[/caption]
ETIKA EZA VERSUS ENPRESAREN ETIKA ETA ENPRESAREN GIZARTE ERANTZUKIZUNA.
Etika ezak kezkatzen nau, gazte-gaztetatik. Afera horren ardura aztertu nahi dut iritzi-erreportaje honetan. Horretarako, irakurritako ikerketa bati buruzko hausnarketak azalduko ditut.
Ikerketa hori Euskal Herriko Unibertsitateko Enpresari Aplikatutako Ekonomiaren Institutuko ikerlari talde batek egin du, Enpresaren Gizarte Erantzukizunaren politika ezartzearen ondorioak eta onurak neurtzeko, zenbatzeko eta geroko enpresan eta gizartean jarraibideak izateko.
Baina, aldez aurretik, oinarrizko bi hastapen hauen azalpenak kontuan hartu behar ditugu; bata, Enpresaren Etika (EE) eta, bestea, Enpresaren Gizarte Erantzukizuna (EGE).
ENPRESAREN ETIKA ETA ENPRESAREN GIZARTE ERANTZUNKIZUN KORPORATIBOA: ZER DIRA?
Enpresaren etika enpresaren testuinguruan erabiltzen diren arau eta oinarri etikoak dira, morala eta etikarekin lotuta dauden arazo ezberdinak konpontzeko. Gizarte erantzukizun korporatiboa, aldiz, enpresak borondatez ekiten dituen jardunak dira, bere merkataritza jarduerek egiten dituzten inpaktu ekonomikoei, gizartean eta ingurugiroan, arduratsu aurre egiteko.
Esan dezakegu, beraz, Gizarte Erantzukizun Korporatiboa enpresaren etika praktikan jartzea dela eta estrategiko diren merkatal helburuekin lotuta dagoela.
ENPRESAREN ETIKA: BEHARREZKOA OTE?
Kontsumitzaileek, bezeroek, biztanleek eta gizarteak, oro har, enpresei eskatzen diete garbi joka dezaten, inguruaren garapenarekin konpromisoa izan dezaten eta beraien jokaera zintzoa eta arduratsua izan dadin.
Eskaera hori piztu da gizartean ditugun hainbat egoeratatik: ustelkeria; finantza zein eraikuntzaren espekulazioa; elikagaien kutsadura; naturaren hondamendiak (Hierros Egino/Oñeder auzia, esaterako)... Horrek guztiak, denboraren poderioz, gizartea konbentzitu du garrantzi handia duela enpresak oinarri eta balore etikoekin jarduteak.
Globalizazioaren fenomenoaren aldetik ere bi ezaugarri gehitu behar ditugu enpresaren etikaren inguruan; batetik, enpresen boterea handitzea eta, bestetik, enpresak lekuz aldatzen ibiltzeak (deslokalizazioak); izan ere, egun dauden legeak ez dira nahiko fenomeno horiek arautzeko, eta, ondorioz, gobernuetako boterea askoz txikiagoa izatera bultzatu du globalizazioak. Hortaz, enpresek hartzen dituzten erabakiek lehen baino pertsona gehiagori eragiten diete.
Bestalde, noski, enpresak ere konturatu dira jarduera etikoak ezartzearen garrantzia gero eta handiagoa dela; erabakiak hartu behar direnean, baita enpresaren izen ona hobetzeko ere. Gainera, enpresetako etika ezaren jarduerak ustelkeria kasu askoren atzetik daude, baita boterearen abusuen edo bankuek egindako maulen atzetik ere; horrek guztiak konfiantza galtzera ekarri du eta berarekin batera bi ondorio garrantzitsu hauek jaso dira: salmentak gutxitzea eta kontsumitzaileen eta langileen leialtasunik ez izatea.
Laburtuz, langileak eta, zentzu zabalago batean, gizartea ez dago gustura enpresarekin. Horrek Enpresaren Etika ezartzea beharrezkoa jotzea ekarri du.
ENPRESAREN GIZARTE ERANTZUKIZUNAREN ALDE EDO KONTRA.
Gizarte erantzukizuna enpresetan sustatzeko ematen diren mezuetan hainbat argudio agertzen dira askotan, gizarte mailako erantzukizuneko jardunak enpresan dituen abantailei eta balizko arriskuei buruzkoak direnak. Ohikoa da abantaila hauek aipatzea, besteak beste: enpresaren irudia hobetzea edo pertsonalarentzat erakargarriagoa izatea (hain zuzen, lehiakortasuna hobetuko luketenak) eta, azken batean, emaitza ekonomiko hobeak lortzea. Abantaila horien aurrean, enpresek errezeloa agertzen dute, berreskuraezinak diren gastuak dakartzaten jarduerak direla eta.
Alde bateko eta besteko jarreretan ez da izaten argudioei eusteko ebidentzia enpirikorik. Are gehiago, esaten da EGE nekez zenbat daitekeen zerbait dela, edo behintzat nekez ebalua daitekeena. Egoera horren aurrean, berebiziko garrantzia du, ahal den neurrian, gizarte mailako erantzukizuna duen enpresaren aldeko apustuaren eta enpresaren lehiakortasunaren arteko erlazioa zein den jakiteak, horrelakorik badago.
Euskal Herriko Unibertsitateko Enpresari Aplikatutako Ekonomiaren Institutuko taldeak ikerketa enpirikoko lan ugaritan agertzen diren emaitzak eta ondorioak biltzeko eta zenbatzeko lana da, gizarte-mailako erantzukizunaren eta enpresako eragin-maila ekonomikoen arteko loturei buruzkoa, eta bere emaitzak Enpresaren Gizarte Erantzukizuna ezartzearen aldekoak dira.
ASKOREN EGUNGO KEZKAK: LANGABEZIA, KRISIA, USTELKERIA, KUTXABANK, ZABORRA...
Gizarteko esparru guztietan hedatuta dagoen etika ezak kezkatzen du jende asko. Krisiak ageriago utzi ditu, gainera, etika ezaren ondorioak. Ondorio horietako bat ustelkeria da. Ustelkeriari mugak jartzeko tresna eraginkor bat izan daiteke Enpresaren Etika (EE) eta Enpresaren Gizarte Erantzukizuna (EGE).
EE eta EGE-a ez dira gaur egungo kontuak, azken batean; Konfuziok berak predikatzen zuen filosofiaren oinarri etikoak baino ez dira, azken batean; enpresaren jarduerei egokitu zaizkienak. Zergatik ez ezarri eta emaitzak ebaluatu?
Urolan, gure artean, gure bizimoduan ezarri beharko genuke EA eta EGE-a. Hori ere gure esku dago, gure erabakia da. Etxetik bertatik has gaitezke, gainera; izan ere, norberaren erantzukizuna da sortzen dugun zaborra behar bezala kudeatzea; norberaren erantzukizuna da hondakinen kudeatze horri aukera bat ematen dion politika berriei ateak ez ixtea.
Asko dago jokoan Hierros Egino/Oñeder auziari dagokionez ere. Epaiak epai, Hierros Eginok badu bere erantzukizun korporatiboa. Erantzukizun hori borondatezkoa da, bai; baina, arestian aipatu bezala, Azkoitiko herritarrak eta, zentzu zabalago batean, gizartea bera ez dago gustura enpresa horrekin; lehenago edo beranduago, aurre egin beharko die gizartean eta ingurugiroan eragindako kalteei.
Juan Karlos Merino
Azkoitian, 2014ko ekainaren 12an