Arjo, arjue. Sagarrak barruan edukitzen duen arra.
“Azkoitia azkoitiarrentzat” da bere leloa. Programa ez omen du(te) osatu oraindik, baina leloa badu Azkoitiko EAJren alkategai “independente” (¿?) izendatu berriak. Prentsaren aurrean bota du esalditxo magikoa, eta lasai geratu da.
Mezu argia da, baina niri Etxe Beltz baino ilunagoak diren sentipenak sorrarazi dizkit. Mesfidantzaren hazia ernatu zait barruan, hau hasi besterik ez delako egin. “1, 2, 3... responda otra vez” aspaldiko telebista saioan egiten zuten modura, galdera mordoa bat bestearen atzetik egiteko gogoa piztu zait: zer da, bada, azkoitiarra izatea? Bertan jaio behar al da, derrigorrez? Zenbat belaunaldi atzera egin beharra dago pedigria izateko? Bat-bi-hiru-lau, batbihirulau, bost-sei-zazpi, bostseizazpi ... zenbat abizen azkoitiar edukitzea komeni da klub horren parte izateko? Bestela, zenbat urtean egon behar da erroldatuta estatus berezi eta desiragarri hori lortzeko? Irabazi al daiteke azkoitiar izateko eskubidea? Nola? Eta zeinek finkatuko ditu azkoitiartasunaren bertuteak eta betebeharrak zeintzuk diren? Zeinek betearazi eta betetzen direla bermatu? (Aste Santuetako armatuk?) Eta zein bitartekoen bidez? Eta, bidez batez, zertan gara besteengandik ezberdinak azalduko al dit norbaitek? Edo zertan nahi dugun desberdin izan? Zertarako? Zeinen aurrean (edo kontra)? Zer egingo dugu azkoitiarrak ez direnekin?
Campaaaaaana y se acabó! Edo, azkoitiar jatorrean esanda: “Din-don-din-don-din-don... laster hauteskundik!”.
EAJren alkategai berriak prentsaren aurrean egindako adierazpenak irakurtzen jarraitu eta aurreko zalantza guztiak argitzeko giltza ere eman dit. Izan ere, ohiko orokorkeria eta zehaztu gabeko promesekin batera (enplegua, bla, etxebizitza, bla, hezkuntza, bla, zerbitzuak, bla...), “patera pisuak egon ez daitezen” lan egingo duela esan du Jaungoikoa-eta-Lege-Zaharra-zaleen alderdikideak.
Irudipena daukat Le Pen estiloa hartzen ari ote den Le PeNeuVe (izen egokiarekin birbataiatu duten) alderdia. Beldurra erein eta botoak jaso, hori da azken txilioa. Baina oso moda zaharra da hori, abarketaren mekanismoa baino ideia sinpleago batean oinarritzen dena: desberdinarekiko edo atzerritarrarekiko mesfidantza sustatu, ‘bertakoen’ artean beldurra hedatu eta horren aitzakian politika neoliberalak ezarri.
Bejoendeiela! = Un-blen-ble!