ELKARRIZKETA: MATADEIKO V. ANTZERKI JARDUNALDIXEN BALORAZIOA

Maxixatzen.eus 2014ko eka. 2a, 10:11

Baloratzeko elkarrizketa

Atzo bukatu ziren, saio bikoitzarekin, Matadeiko V. antzerki jardunaldixek eta balorazioa eskatu diogu Iñigo Aranbarri antolatzaileari.

Bukatu eta gero, nolakoa da aurtengo edizioaren balorazioa?

-Balorazioa positiboa da. Joan den urtean hasitako formulak ondo funtzionatu du, bederatzi antzerkirekin. Inguruko herrietatik jendea inguratu da, Bergaratik,  Azpeititik piloa, Zarauztik, eta jendeak errepikatu egiten du. Jendetza handirik ez da izaten, baina datozenek errepikatzea ontzat hartzen dugu oso. Gainontzean, antzerki eskaintzari dagokionez, polemikoak izan dira tartean, jendeak ulertzen ez zituenak, friki izena eman dietenak, baina bestalde, zenbaiti horiexek gustatu zaizkion gehien. Konpota eta Urak ttiki dire lanak dira horren adibide. Horretaz gain, bada kontrobertsia bat amateurra eta profesionalaren artean ere, erabat antzua izan daitekeena emaitzari begira jarrita.

Saiorik jendetsuena Calla y come izan zen, ezta?

-Bai, hala izan zen. Bagenekien ona zela, errealitatea eta fikzioaren arteko hariak trebetasun handiz mugitzen zituela, eta asko gustatu zitzaion jendeari, bai.

Hurrengo edizioei begira, zer izan liteke aipagarria?

-Aipatzekoa da umeentzako saioarena. Perfil jakin bateko gurasoek bakarrik ekartzen dituzte umeak gure saiora, eta pentsatu beharko dugu eskaintza zabaltzeko propaganda nola bideratu, baita Azpeitiko ikastetxeetan ere. Bestalde, bide bat ireki dezake beharbada Euslandia lanarekin zabaldutakoak, antzerkia eta marrazkiak uztartuz. Deigarria iruditu zitzaion jendeari bertatik bertara marrazkilariaren lan aparta ikustea, eta parte hartzeko aukera. Eta bukatzeko, benetan aipagarria da antzezleen artean emakumezkoak 13 izan direla, eta gizonezkoak 5.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide