AUZOKO: ELKARRIZKETA OLATZ RETEGIREKIN

Maxixatzen.eus 2014ko api. 28a, 06:19

Olatz Retegi Auzokon

Elkarrizketa egin diogu gure artean izan dugun Olatz Retegi antropologiako ikasleari.

Nolatan hasi zinen antropologia ikasten?

Niri betidanik gustatu izan zaizkit kultur artekotasuna, kultura ezberdinak, gure Euskal Herriko kultura, eta, batez ere, historia. Nik hasiera batean Historia nahi nuen ikasi, baina Gasteizko historiako fakultatea ikusi ondoren antropologiari aukera bat eman nion. Donostian karrera berri bat bezala jarri dute antropologia. Lehen bi urteko lizentziatura zen, eta Bologna sistema sartu denetik unibertsitateetara lau urteko gradu bihurtu da. Gau egun Antropologia sozialeko gradua da. Ni, egia esan, oso gustura nago, gai anitzak lantzen ditugu, kultura artekotasuna, hizkuntza, hezkuntza, filosofia, historia, feminismoa, ekonomia, politika... nire saltsan nagoela esan nezake, pentsatzen dudalako historian asko mugatuko nintzela. Baino, esan bezala, gai asko lantzen ditugu eta oso baliagarria iruditzen zaizkit denak. Gizartea eta gizakiaren harremanak eta jarrerak aztertzeko diziplinarik egokienetakoa iruditzen zait antropologia, zientzia guztien batura izango litzatekeelako edo, beste era batera esanda, antropologia dena delako.

Zer iruditzen zaizu gure Euskal Herriko errealitate anitz berria?

Dakigun bezala, gero eta aniztasun egoera handiagoa dago, egoera soziokulturalak eta testuinguru historikoak aldatzen doazelako. Egun Euskal Herriak duen errealitatea, zuk esan bezala, oso anitza da, eta berria. Euskal Herria marko berriak irekitzen ari da pixkanaka horrelako egoeren aurrean. Badakigu atzerrikoekiko zerbitzu asko daudela, baina asko batere garatuak ez daudela ere badakigu. Nire ustez, gizarte hezitzaileen lana oso garrantzitsua da horretan, aukera eta baliabide ezberdinak garatu eta formatzeko.

Niri bereziki, zuek lantzen duzuen gaia asko interesatzen zait eta modu egokia iruditzen zait aniztasun aukera ezberdinetarako.

Auzokon parte hartu duzunez, zer iruditzen zaizu egitasmo hau?

Esan bezala, oso egoki iruditzen zait egiten duzuen lana. Informalki egiten duzuenez, ez da beharrezkotasuna jartzen. Beraz, berain eskura uzten duzuen beraien erantzukizuna. Hori ona dela iruditzen zait. badakigu behin derrigortuta ez dela ezer lortzen, baizik eta beharra sortzen. Beharrak egiten du pertsona, eta zuek hori eskaintzen duzue behar denerako zerbitzu bat, hau da, kalean euskaldunekin harremanetan jartzeko baliabide sinpleak. Oso lan polita egiten ari zarete, eta hurrengo urtean udaletxean sartzen banaiz praktiketan, noski aipatuko ditudala atzerrikoak euskarara hurbiltzen diren hainbat egitasmo, eta zuena bereziki!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide