AITOR ARRUTI: ZERUA, ZERUAK

Aitor Arruti Rezabal 2014ko api. 9a, 07:07

Serra Gelada

KOADERNO BERDEKO POSTALAK-22

Benidorm, 2013ko apirila

Bizi ahal izateko, zerua badela sinetsi beharra daukagu. Bizitzeak sufriarazten dizkigun infernuak utzi, eta gozatzeko uneak badirela sinetsita, arnasa baretzen diguten lekuak ezagututa hobeto bizi gaitezke. Sinesmen horrek esperantza txertatzen du gure bizitzan, bizi-poz hazi bat ernetzen du, gerora zorioneko fruitua eman dezakeen ernamuina beharbada.

Asko izan dira gizakion artean heriotzaren ondorengo bizitzarako sinesteko eskaini izan diren zeruak, eta era askotakoak. Hil eta gero kristau onek zeruko Paradisua dute zain, eskandinaviarrek Asgaard, greziarrek Zelai Eliseoak, ekialderagokoek Xangri-La, bertutean oinarritutako esperantzaren egoitzak guztiak ere.

Joan den mendeko erdialdetik aurrera, Francoren zerupeko Espainian, bizi bitartean gozatu ahal izateko leku bat eskaini zien erregimenak orduko espainiar onbidekoei: Alacanteko Benidorm, zerua ukitzen zuten etxe-orratz bertikalekin. Espainiar jatorrak, lana gogotik eginda gero, bertan gau eta egun jai batean egun batzuk pasa zitzakeen, eskubide politikoekin eta gainontzekoekin akordatu gabe.

Hamarkada batzuk geroago, harantz abiatu gara bi familia, Aste Santuko oporraldian euritan luzaro bustitako hezurrak eguzki epeletan goxatzeko asmoz. Teruelen egin dugu asteazkeneko gaua, Mudejar autobidea ertzean utzita. Bidaia osoan arabiar kulturaren presentzia izango dugu lagun, bai izenetan eta baita izaeran ere. Errekonkista garaian kristauen artean bizi ziren musulmanak ziren mudejarrak, eta haien arbasoek bezalaxe, adreilu gorriko eraikuntzak baino gehiago utzi dituzte lurralde hauetan.

Arratsaldean iritsi gara Benidormera. Benidorm, oinordeko semea arabieraz, euskaldunok maiorazkoa esaten duguna, nonbait. Leku aparta izango zen hau noizbait, bertan zementua tonaka zerurantz pilatu aurretik. Itsasoraino iristen diren haitz laranjak, lur gorria, urdin tonu ugariko itsaso zabala gozatu ahal izan ditugu hiri bihurtutako bizilekuan.

Alfas del Pi, arabiera eta kataluniera nahastuz Pinuaren ereindako saila, Algar edo Putzua, Altea edo Sendagarria, Les fonts de Algar edo Haitzuloko iturburuak bisitatuz, zeru zati txikiak eraiki ahal izan ditugu zazpi lagunen artean, geroko bizitza hobearen zain batere egon gabe. Gure aurpegietan barrea, irribarrea, algararen bat ere bai, agertu izan da gehienbat esna geunden uneetan. Azken batean, horixe baita bizitzarako esna izatea, oraina pozik bizitzea, lagunartearen onurak disfrutatzea, konpainia onaren gozamena dastatzea.

Eskerrik asko, Idoia, Jon, Aimar, June, zuen bizi poza gurearekin elkartuta, barrutik kanporantz neurri xumeko zeru ahaztezinak osatzen laguntzeagatik.

 

Aitor Arruti Rezabal

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide