AZKOITIKO HONDAKINAK BILTZEKO SISTEMA BERRIA

Maxixatzen.eus 2014ko api. 3a, 10:27

Hondakinak biltzeko sistema

Atzo arratsaldean prentsaurrekoa eman zuten hondakinen lan taldeko Azkoitia Baik, Zero Zaborrek eta EH Bilduk, Azkoitirako adostu duten bilketa sistema azaltzeko asmoz.

2013ko uztailean %70tik gorako gaikako bilketara iristea hartu zuen helburutzat udalbatzak, eta, hori lortzeko hainbat aukera aztertu ostean, bilketa sistema mistoa jartzea erabaki dute:

- Papera, ontzi arinak, beira eta organikoa orain arte bezala jasoko dira, edukiontzi finkoen bidez. Edukiontzi marroiari txipa jarriko zaio.

- Aldaketa bakarra errefusa edo edukiontzi grisean egongo da; edukiontzi grisa kendu egingo da eta birziklatu ezin diren hondakin horiek atez ate jasoko dira, astean behin, ordutegi zehatz batekin.

- Organikoaren bereizketan emaitza hobeak lortzeko, orain arte bezala, autokonposta eta auzokonposta indartzeko neurriak hartuko dira.

- Pardelentzat edukiontzi bereziak jarriko dira.

- Merkatari eta hondakin sortzaile handiekin ere lanketa berezia egingo da, egungo bilketa hobetu eta alor horietan bereizketa sistema eraginkorragoa lortzeko.

- Landa eremuetan gune berezituak jarriko dira, ekarpen guneak, hondakinak gaika biltzeko.

Espero dute aldaketa horrekin egungo %34ko bereizketa tasatik %70etik gorakora pasatzea, errefusa eta organikoa ondo sailkatuz.

Legazpin, besteak beste, emaitza oso onak ematen ari da sistema hori, herritarrentzako eragin txikiarekin. Urtebeteko partaidetza prozesu baten ondoren, gutxieneko ohitura aldaketa batzuekin, jauzi handia emango dutela uste dute.

Bestalde, lasaitasun mezua eman nahi diete herritarrei, behar duten informazio, laguntza eta babes guztia izango dutelako sistema berrira egokitzeko. Bide horretan, datorren astelehenean bertan, apirilaren 7an, bilera irekia egingo dute sistemaren inguruko xehetasunak jakinarazteko, eta herritarrek dituzten galdera, zalantza eta kezka guztiak argitzeko. Gerora, informazioa eskuratu eta zalantzak argitzeko aukera izango da uneoro, eta Urola Erdiko Mankomunitateak sistema abian jartzeko teknikari bereziak ere jarriko ditu.

Aldiro egingo zaio jarraipena sistemari, ezarritako helburuak betetze maila aztertzeko, behar diren doikuntzak eginez.

Okerrik ezean, udarako martxan izatea espero du Udalak, eta eskerrak eman nahi dizkie orain arteko bidean parte hartu duten guztiei, aurrerantzean ere elkarlanean arituko direlakoan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide