UROLA KOSTAKO HITZAK 10 URTE: ELKARRIZKETA ANE OLAIZOLARI

Maxixatzen.eus 2014ko mar. 10a, 06:14

Elkarrizketa Ane Olaizola kazetariari

Hamar urteko ibilbidea osatu du aurten Urola Kostako Hitzak. Ane Olaizola da Azkoitiko berriemailea, eta hona hemen egin diogun elkarrizketa:

-Urtebetetze borobilera iritsita, ospakizunik egiteko asmorik ba al duzue?

-Urte osoan zehar ospatuko dugu urteurren borobil hau. Otsailaren 20an (urteurreneko egunean bertan) harpidedunei gehigarri berezi bat banatu genien, eta banaketa masibo bat egin genuen gehigarria etxe gehiagotara iristeko. Bestetik, 10 urteko ibilbidea kontatzen duen bideo bat ere egin dugu, eta ikusgai dago Youtuben nahiz urolakosta.hitza.info webgunean. Urtean zehar ekitaldi batzuk egiteko asmoa dugu, baina aurrerago zehaztuko ditugu horiek. Otsailaren 21ean, afaritxo batekin ospatu genuen geuk, langileok, langile ohiekin, kolaboratzaileekin eta hamar urte hauetan gertu izan ditugun horiekin.

-Zein izan ziren orain hamar urteko Hitzaren helburuak eta zer neurritan bete dira?

Helburua egunero informazio lokala euskaraz jorratuko zuen proiektu komunikatibo bat sortzea zen. Euskararen normalizazioaren bidean, eskualde mailako komunikabidea osatzea zen HITZAren helburu nagusia. Helburu nagusi hau garbi edukita, xede hauek izan ditu hasieratik gure komunikabideak:

  • Euskara, euskararen inguruko mugimenduak eta euskaltzaletasuna sustatzea eta laguntzea.
  • Herritarrei eta taldeei hitza ematea.
  • Euskarazko komunikabideen erreferentzialtasuna lortzea.

Hamar urteren ondoren, uste dugu gaur egun oso normala dela euskaraz alfabetatu ez diren herritarrek ere albisteak euskaraz irakurtzea. Euskara batua erabilita, gure irakurleentzat gertukoa, argia, zehatza eta ulerterraza den hizkera lortu dugu gure komunikabidean. Bestetik, komunikabide handietan tokirik apenas izaten duten gizarteko sektoreei ahotsa eman dio HITZAk: eskualdeko gizarte eta kultur eragileei, herritar xumeei, langileei... Egin dugun beste ekarpenetako bat da gure eguneroko lanean txertatzea genero ikuspegia, eta gutxiengoen integrazioa bultzatzeko ahalegina ere egin dugu egunez egun. Gainera, kazetaritzan oro har gero eta gutxiago zaintzen den etikarekin tratatu ditugu beti gure egunkariko edukiak, eta herri mailako informazioa kalitatezkoa eta profesionala izatea lortu dugu. Azkenik, HITZAren pluraltasuna ere oso aipagarria dela uste dut: kioskoetan dauden aukeren artean, gurea iruditzen zait alde handiarekin, pluralena.

-Nola kokatuta dago Urola Kostako Hitza Azkoitian? Zer jarraipen du herritarren aldetik?

-CIESeko datuen arabera Urola Kostako HITZAk 17.000 irakurle ditu eskualdean.  Badakigu adin tarte zabal batengana iristen dela HITZA. Papera kontsumitzen dutenen adinaren batez bestekoa altuagoa da sarean jarraitzen gaituztenena baino. Azkoitiko herritarrek gertukoa dute HITZA, eta gure ustez erreferentzia garrantzitsua izatea lortu du Azkoitian HITZAk. Bestalde, Azkoitiko eragileek asko eta modu naturalean jotzen dute gugana beraien mezua, informazioa edo dena delakoa zabaltzeko. Badakite HITZAn toki bat izango dutela. Eta alderantziz, geuk ere sarri jotzen dugu haiengana, guretzat inportanteak direlako gure lanean, eta aberasgarria eta beharrezkoa iruditzen zaigulako informazio instituzionaletik kanpo dagoena ere lantzea. Gaur egun, Euskara Mahaian parte hartzen du HITZAk, gu ere herriko eragile garela sentitzen dugulako. Gainera, ezin dugu aipatu gabe utzi HITZAren sorreran Azkoitiko hainbat eragilek izan zuten papera, eta eskerrak eta zorionak eman behar dizkiegu bihotz-bihotzez.

-Etorkizunera begira, zer desafio ditu Urola Kostako Hitzak?

-HITZAren sorreratik bertatik ari gara behin eta berriz garai bakoitzera egokitzen. Azken urteetan teknologia berriek ikaragarrizko aldaketa ekarri dute kazetaritza egiteko, ulertzeko eta kontsumitzeko moduetara, eta hor kalitatez erantzutea da gure erronka. Gaur egun lan talde osoak idazten du sarerako ere, eta ikus-entzunezkoak bultzatzeko, taldean aldaketak egin eta ikus-entzunezkoetara bideratutako lan taldetxo batekin hasi dugu 10. urteurrenaren urte hau. Beraz, astean lau egunetan argitaratzen dugu HITZA, baina zazpi egunez gaude urolakosta.hitza.info-n. Hala ere, etorkizunak kezkatzen gaitu. Askotan esan dugu: krisi ekonomikoak eragin zuzena du gure baliabideetan, eta kazetaritzaren sektorea jasaten ari den eraldaketak sortutako krisiak ere bai. Hori guztia kontuan izanda, gure aurreneko erronka bizirautea da, eta bizirauteko beharrezkoa dugu kalitatezko produktuak eskaintzea herritarrei. Teknologia berriek, gizarteak eta sektoreak berak ezartzen duten erritmoan joan behar dugu guk ere. Hori egiteko bidea argi ikusten dugu: elkarlana. Euskal Herri mailan hasita gaude norabide horretan pausoak ematen, hor dago Hekimen euskarazko komunikabide pribatuen elkartea. Eta eskualdean ere elkarlana behar-beharrezkotzat jotzen dugu HITZAren eta herri aldizkarien artean. Denok batera indarra dugu, baliabide asko eta gaitasun handia dugu orain eskaintzen duguna baino askoz gehiago eskaintzeko. Bakarka, berriz, txikiak gara, eta indarrak alferrik galtzen ari gara. Hausnarketa mahai gainean dago jada, eta ziur gaude pixkanaka pausoak emango ditugula denon onerako.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide