ELKARRIZKETA MATADEIKO V. ANTZERKI JARDUNALDIXEN ANTOLATZAILEEKIN

Maxixatzen.eus 2014ko ots. 13a, 15:53

Antolatzaileen iritzia

Igandean hasiko diren Matadeiko V. Antzerki Jardunaldixei buruz galdera batzuk egin dizkiogu antolatzaile taldeko Iñigo Aranbarriri:

Egitarau mardula osatu duzue neguan hasi eta udaberri osoan zehar emateko. Zein dira antolatzeko aurtengo irizpide nagusiak?

Egia esan, Matadeiko asanbladetara agertzen hasi aurretik ere lagun batek tentatuta izan ginen bertan, antzerkiren bat edo beste ikusten. Hasiera hasieratik izan da Matadeixen antzerkiarekiko zaletasuna, eta ekarri beharrekoa aukeratzeko kriterioa. Hori ikusita, azken bost urteetan modu antolatuago batean ari gara antzerkia herrira ekartzen, otsailetik ekaina bitarte bertan izango diren antzezlanen berri emanez.

Irizpide moduan, antzerki profesional asko izan ohi da, amateurrarekin nahasian. Muga nahiko difusoa dela deritzot, guztiek azala uztera irteten baitute, eta jende konprometitu horren atzetik ibiltzen gara gu. Horrez gain, beraien lana, duen prezioaren oso azpitik saltzen digute taldeek sarri, herriarengana iristeko helburuz.

Antzerkiaz gain, ikus-entzunezko emanaldiak sartu ditugu azken bi urteetan. Aurrekoan "Txori mugariak" izeneko emanaldia izan genuen. Iparraldearen kontzeptuari buruzko irrati-performancea zen. Antzerkia ulertzen dugun purutasunean ez sartu arren, bestelako proposamenetarako ere zabalik egoten saiatzen gara. Aurtengoan "Euslandia" izeneko emanaldiaz gozatzeko aukera izango da, euskaltasunaren inguruko gogoetak eginez Miriam Luki eta Concetta Provanzak hitzen eta margolanen arteko uztarketa ekarriko dute.

Hizkuntza irizpideak kontuan izaten al dituzue nahi dituzuen lanak programatzerako orduan?

Dudarik gabe. Egia da gurea ez dela euskara hutsean egiten den egitaraua. Proposamen interesgarriak iruditzen zitzaizkigunak ekartzea erabaki genuen, geure hizkuntzan ez izanagatik ere. Herri honetako errealitatea baita Euskal Herriko jendeak erdera bere hizkuntzatzat sentitu eta sortzeko bere hizkuntzatzat aukeratzea. Halere, inguruan den antzezlan asko euskarazkoak dira, eta aurtengoan ere euskarazko lanek izango dute nagusitasuna, erdarazkoa lan bakarra izango den bitartean.

Apirilaren 27an "Ipuin Lotsatiak" izango da agertokian. Haurrei zuzendutakoa al da?

Modu antolatu honetan lanean hasi ginenetik, proposamen desberdinak izan dira asanblearen aldetik, eta urte batetik bestera aldaketak egin ditugu, onerako direla iritzita. Haurrei zuzendutako antzezlan bat sartzea erabaki genuen II. jardunaldietarako, III. edizioan ikasle antzerkia bultzatzeko asmoz ikasleei eszenatokira igotzeko aukera eskaini zitzaien, eta joan den urtean Azkoitiko antzezlanei indarra ematea erabaki zen. Urtero hiru helburuok lortzen ez baditugu ere ohitura onak ez galtzen saiatzen gara.

Haurrei dagokien antzezlanarena urtero errespetatu dugu, era guztietako jendearentzat behar duelako izan etxeak. Urtero txokolatada bat prestatu, eta haurrak gustora ibiltzen dira lurrean jarritako alfonbretan saltoka.

Nolako balorazioa egin duzue orain arteko lau edizioak gogoan hartuta?

Positiboa oso. Jendeak (ikusleak) eskertzen du, guk ere bai antolatzaile moduan eta antzezleentzat ere erreferente bihurtu daiteke denborarekin.

Herri bat jaten duen hortan oinarritzen da dena izateko, ba ikusten/entzuten dugunak eragin garbia du gure izaeran. Antzerkiak eskaini dezakeen sentiberatasuna, denbora hemen/orainera ekartzea eta norberari eskaini diezaizkiokeen zalantzak aberasgarri izan daitezke.

Emanaldiei lotuta, Kontrako Eztarrixen saioren bat egiten omen da emanaldi ondoren..

Bai!"Xaguxar Begixek" izena du, eta elkarrizketa bidez emanaldira etorritako antzezle eta abarri zukua ateratzea izaten omen da helburua, kontatzeko gauza dexente izan dezaketen aitzakian. Emanaldi egunetan 21:00etatik 22:00ak bitartean atento dabilenak kuriositatea asetzeko aukera izango du, beraz. Zuzenean entzuteko aukerarik ez duenarentzat, Kontrako Eztarrixen blogean ere zintzilikatzen dira saio guztiak.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide