ELKARRIZKETA BIZKARGI MUSIKA ETA DANTZA ESKOLAKO ZUZENDARIARI

Maxixatzen.eus 2014ko urt. 24a, 14:14

Musika emanaldiak

Asteburu honetako bi emanaldiak direla eta, elkarrizketa egin diogu Bizkargi Musika eta Dantza Eskolako zuzendari Marijose Arregiri.

-Gaur Biolinjoleen Entzunaldia eta igandean Peru eta otsoa ipuin musikala eskainiko dituzue Elkargunean. Zein helbururekin?

Hauek bigarren hiruhileko ekintzen barne daude.

GAURKO ENTZUNALDIA: ekintza mota hau, hilean behin egiten dugu ELKARGUNEAN,  gehienetan ARETO TXIKIAN. Helburua, ikaslea, ohitzea jendeaurrean jotzen bere musika  tresnarekin.  Bestalde, gurasoentzat ere aukera aproposa da beraien seme/alabek zuzenean ikusi eta entzuteko eta beraiekin batera momentu horietaz disfrutatzeko.

IPUIN MUSIKALA: Musika Banda eta Musika Eskolako Orkestra elkarturik prestatu den ekimena da. Oraingoa, KONTZERTU PEDAGOGIKO gisa planteatu da, batik bat 2-3 urte  eta 9-10 urte bitarteko haurrei zuzendurik dago, baina egia esan, adin guztietarako erakargarria izan  daiteke.  Pedagogikoa publikoarentzat, ikasleek ezagutzen baitituzte musika tresna ezberdinen soinuak.  Beraz, ekimen hauek, etorkizunean aukera instrumental egokiagoa lortzeko baliagarriak izan  daitezke. Kontzertu hau, elkarreragilea izango da, gazte talde batek dinamizatuta eta beraien  lana publikoko gaztetxoen parte-hartzea lortzea izango da. Horrez gain, ikus-entzunezko proiekzioa egongo da.

Helburu garrantzitsuena, ikasleei musikaren mundu zoragarria ezagutzeko aukera ematea da eta horretarako aurkeztuko zaizkie Musika Bandako eta Orkestrako musika tresna ezberdinak,  “PERU eta OTSOA” ipuin musikalaren bidez.

-Zer irizpide izaten dituzue kontuan errepertorioak aukeratzeko garaian?

Errepertorioari dagokionez, denetik egiten da. Egia esan, garrantsitsua da ikaslearen gustukoa izatea, eta beraz bai klasikoa, bai modernoa, herrikoia eta abar jotzen dira.  Hala ere, irakasleen aldetik ahalegin guztiak egiten dira ikasleek formatu ezberdinetako  taldeetan parte hartzeko. Bertan ezagutzen dituzte, beste familietako musika tresnen berezitasunak, soinu mota ezberdinak eta horrez gain, garrantzitsua, besteekin partekatzea norberaren zaletasuna, kasu honetan, musika.

-Zein izango dira jendaurreko hurrengo emanaldiak?

Hurrengo emanaldiak honako hauek izango dira:

ENTZUNALDIA Elkargunean, otsailaren 25ean, arratsaldeko 6:30etan. Egun horretan, musika tresna ezberdinetako ikasleek parte hartuko dute.

XV. TALDEZ TALDE MARTXOAN:  Hiru igande jarraian, eguerdiko 13:00etan; KONTZEJUPEAN hiru kontzertu mota egiten dira urtero:

16an- ABESBATZEN KONTZERTUA- IRAURGI eta BIZKARGI

23an- EUSKAL MUSIKA TRESNAK eta EUSKAL DANTZA

30ean- GAZTEEN ORKESTRA

Ekimen hau, hamabost ikasturte direla abian jarri zen, eta helburua bai musikarien eta bai dantzarien lanak Taldean aurkeztea da. Kalean egiten da, herritar guztiei ere ezagutzera emateko  hainbat gazteren musika eta dantza zaletasuna, eta nolabait beraiek ere disfrutatu ahal izateko.

-Nolako harrera izan ohi dute emanaldi horiek?

Aipatutako ekintza mota horiek harrera ona izaten dute gehienetan, batik bat, ikasleak gaztetxoak direnean. Barruan egiten direnetan, publikoa beti gurasoek osatzen dute.  Kanpoan egiten direnetan ere hor izaten dira, baina KONTZEJUPEA nahiko leku aproposa izaten da herritar asko eta asko bertara gerturatzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide