AITOR ARRUTI: HIRU ELKARRIZKETA, HIRU ALDARTE

Aitor Arruti Rezabal 2014ko urt. 7a, 17:00

KOADERNO BERDEKO POSTALAK-16

Ortzemugaren gorazarrea

         Xixon, 2014ko urtarrilaren 3a

            Santa Catalina muinoa leku aproposa iruditu zaigu bazkalaurreko pasiera egiteko. Eguraldi argia eta epelarekin hasi gara aldapan gora, portutik abiatzen den harrizko bidean aurrera. Hiria defendatzeko garai bateko kanoiak ikusi ditugun unean, gizon mozkote bat hurbildu zait, eta honela hitz egin dit espainiera atseginean.

- Kaixo, jauna. Nahi al duzu nik zuei hiruroi batera argazkia ateratzea?

- Eskerrik asko, baina ez zaizkigu horrelako argazkiak askorik gustatzen.

- Andele! Pozten naiz zuek ezagutzeaz, eta egun ona izan dezazuela.

- Barka, baina ez zara ba mexikarra izango, ezta? Bai, hitz egiteko moduagatik esaten dizut. Bai, orduan. Euskaldunak gara gu. Aizu, nahi al duzu nik zeuri argazki bat ateratzea?

- Eskertzen dizut, baina ez diot inori esan hemen nabilenik, eta, egia esan, nik nahiago dut uneak buruan eta bihotzean gordetzea. Bestalde, pozten naiz hitz egiten duen norbait aurkitu izanaz. Urtezahar gauean, kalean ibili nintzen hamabiak jo eta gero, eta hogeita hiru laguni esan nien “Urte berri on!” eta inork ez zidan erantzun! Ez zait inoiz horrelakorik gertatu.

Bostekoa gogo onez emanez agurtu dugu elkar, eta mendixka gainetik beherako bidean sumatu dugu gero, bikote bati argazkia ateratzen.

Bazkalondoren, 10. autobusa hartu dugu hiriaren beste aldera joateko. Jende asko doa bertan, eta betaurreko beltzak jantzita dituen gizon baten ondoan kokatu naiz, tente. Niri begira hasi da morroia, bertatik bertara, alkohol kiratsa dariola. Eztarri lakarrez hasi zait hizketan, zakar, aginduzko espainieraren tonuan.

- Emakumeak, umeak, zaharrak bakarrik... helduak ez!

- Barkatu, ez dizut ulertzen…

- Elbarrientzako, zaharrentzako, umeentzako... helduentzako ez!

- Ez dakit ba ulertzen dizudan…

- Zer haiz, ba, hi, katalana ala?

- Ez… euskalduna naiz...

- Ba hemen guztiok pagatzen dizkiagu zergak, eta zuek dena zeuentzako nahi! Nik ikurrina ipurdia garbitzeko ibiltzen diat, hik Asturiaseko bandera ibiliko duan bezala... Espainiako banderak ematen dizue zuei jaten, eta esker txarreko hutsak zarete… Zuek ez dakizue demokrazia zer den! Nik beste garai batzuk ezagutu dizkiat, berrogeita hamabost urte zeuzkaat nik! Zapaterok Masi ipurdia mihiztatu zioan, eta Bilboko lehendakariari… baino zuek denok espainolak zarete! Gora Espainia! Gora erregea!

Halako batean, bere geltokira iritsi zela konturatu, eta han irten zen busetik, kanpora bidean denak aztoratu ondoren, dinbili-danbala. “Ederra tokatu zaik!” esan dit aldameneko gizon batek orduan, irribartsu.

Molinon estadio ondoan dago Isabel Katolikoaren parkea, eta une gozoak bizi ahal izan ditugu, eguraldi epela eta ateria lagun, bertako hegaztiak ezagutzen eta jolas parkeko tramankuluekin. Erdialdera itzultzerakoan, oinez egin dugu bidea, eta gure ostatutik gertu geundela, mapari begira hasi gara beste behin, zuzen goazela berretsi nahian.

Une horretan, emakume heldu bat hurbildu zaigu, eta espainiera irribarretsuan galdetu digu:

- Laguntzerik nahi al duzue? Lekuren baten bila al zabiltzate?

- Eskertzen dizugu laguntza eskaintzea, benetan, baino ostatua hementxe bertan daukagula konturatu gara oraintxe. Eskerrik asko, dena den!

Eta gure esker ematea zinezkoa dela egiaztatu nahian, besoa igurtzi diot emakumeari hitz egiten ari nintzaion bitartean, eta irribarrea zabaldu du orduan berak, agurtzeko eskua lagunkoi jasota.

 

Aitor Arruti Rezabal

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide