AITOR ARRUTI: ANTZARAK KARRANKAN

Aitor Arruti Rezabal 2013ko abe. 9a, 16:16

KOADERNO BERDEKO POSTALAK-14

Irudia: Michael Forsberg

         Azkoitiko errebala, 2013ko azaroaren 15a

Euria goian behean jardun du gauean. Haizeak gogor astindu ditu bazterrak, eta txistu hots galantak aditu ditut nire esna-aldietan. Goizean jaiki orduko, leihoa zabaldu dut bazterrak nola dauden ikusteko, eta han ikusi ditut bezperan aireratzera ateratako zapatilak, mela-mela eginda.

Haiek jasotzeko makurtu naizenean ustez ezaguna nuen soinu bat iritsi zait zeru aldetik. Hasiera batean, kaioen karranka iruditu zait, baina berehala ikusi dut antzarak direla, taldean hegan doazenean osatzen duten V harrigarria. Eta begira egon natzaie neguaren iragarleoi, begiak eta belarriak ondo zabalduta, erlojuetako orratzak geldirik egon diren une gozagarrian, ikusmiratik joan zaizkidan arte.

Ez zihoazen den-denak elkarren ilaran jarrita. Gehienak bai, baina hirukote bat bazihoan apur bat atzeratuta; beste bakarren batzuk, berriz, bidaia egituraren ertzetan bakarkako hegaldian zihoazen. Hesirik gabeko migratzaile horiei begira, halako batean posta elektronikoz bidali zidaten aurkezpen batekin akordatu naiz.

Hala zioen testuak:

V-a osatuz hegan egitean, hegazti saldo-osoak antzar bakarrak baino %71 urrutirago egin dezake hegan.

Antzar bat egituratik irteten denean, airearen erresistentzia sentitzen du, bakarrik hegan egitea zailagoa dela, alegia. Orduan, berehalakoan itzultzen da formaziora, aurretik hegan doazenen goranzko ahalmenaz baliatzeko.

Antzar gidaria nekatzen denean, formazioaren atzeraino joaten da, eta beste batek onartzen du gidaritza.

Formazioan hegan doazen antzarek karranka egiten dute, aurrean doazenei kemena eta adorea emateko; hala, guztiek abiadurari eutsi ahal izaten diote.

Antzar bat egitura utzi behar izateraino gaixotu, zauritu edo indarrez ahitzen bada, beste batzuk formazioa uzten dute eta harekin elkartzen dira, hura babestu eta laguntzeko, eta harekin jarraitzen dute hura hil arte, edo indarberritu eta saldora itzuli arte, edo beste formazio batean sartu arte.

Hori jakinik, elkartasuna izorratzen ari diren agintariak joan daitezela antzarak ferratzera, eta haien lekuan jar daitezela antzaren jakintza barneratuta dutenak.

 

P.D.: Aipatutako aurkezpena osorik nahi duenak, idatz dezala maxixatzen@gmail.com helbidera Antzarak karrankan izenburua jarrita, eta gustora  bidaliko diot aurkezpena.

 

Aitor Arruti Rezabal

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide