Euskarak ohikoa baino leku zabalagoa izan zuen Azkoitian ere abenduaren 3an, Euskararen eguna ospatzeko.
- 11:30ean, ume eta gaztetxoek kalejira egin zuten herrian zehar. Floreaga ikastetxeko eta Xabier Munibe ikastolako ikasleek pankartak eraman zituzten, eta plazan elkartu ziren guztiak. Egun horretarako Euskara mahaiaren izenean Xabier Gantzarainek idatzitako manifestua irakurri zuten ikasleek:
Amak eman digu hizkuntza batzuei,
beste batzuei aitak, eta beste batzuei eskolak,
edo lagunek, kaleak, herriak;
baina hizkuntzak eman digu denoi ama, aita, eskola, lagunak, kalea, herria,
munduari izena emateko modu bat.
Munduari izena emateko modu bat eman digu euskarak,
eta baita munduan bizitzeko modu bat ere:
euskaraz bizi da gure mundua, eta euskaraz bizi dugu mundua guk.
Eguerdikoa / Urola kostako Hitza
Bai gaur, Euskararen Egunean, eta baita urteko beste egun guztietan ere.
Euskarak 365 egun ditu urtean, eta milaka eta milaka egun bere baitan.
Euskara zaharra dela esaten dute, baina euskara gaztea ere bada.
Gu gazteak gara, eta gure adinekoa da euskara guretzat.
Eskolarako balio digu, baina baita kalerako ere,
eta etxerako, eta behar dugun orotarako.
Maitatzeko balio digu, haserretzeko, adarra jotzeko, edozertarako.
Mundua izendatzeko behar dugu euskara, munduan bizitzeko,
eta euskarak munduan bizitzeko behar gaitu.
Erdarak ez gaitu behar, badu nahikoa indar, baina bai euskarak.
Gaur, bihar, etzi, eta urteko beste egun guztietan.
Ondoren, Behin betiko abestia eta Xabier Euzkitzeren bertso hau abestu zuten:
Eguerdikoa / Urola kostako Hitza
Zer nolako zortea
gure hizkuntzarena
mila iturritatik
edaten duena.
Euskararik onena
da norberarena,
eta txarrrena, berriz,
egiten ez dena.
Taldeko argazkia ere atera zuten guztiek.
- 17:00etan, mural margotzea izan zen Udane Juaristi artistarekin, plazan.
- 18:30ean, Euskararen Egunerako manifestua irakurri zuten bi lagunek, plazan.
- Egunean zehar, euskal musika entzun ahal izan genuen kaleko bozgorailuetan.