"HESIAK GAINDITZEN" DOKUMENTALA GAUR ARRATSALDEAN

Maxixatzen.eus 2013ko aza. 27a, 07:31

Txatxilipurdi eta Artemanen filma

Gaur, San Andres bezperaren bezperako egunean, bukatuko da Maxixatzenen azaro kulturala, Hesiak gainditzen dokumentala proiektatuz, Elkargunean 19:00etan. 

Arrasateko Txatxilipurdi Elkartekoen ideia batetik abiatuta, Arteman Komunikaziokoek ekoitzi zuten euskararen inguruko dokumentala. Horren inguruan zerbait gehiago jakiteko asmotan, elkarrizketa laburra egin diegu Txatxilipurdikoei:      

Zer elkarte mota da Txatxilipurdi? Zertan aritzen zarete?

Txatxilipurdi Arrasateko euskara elkartea da. Batetik, haur eta gazteen hezkuntza ez formalean lan egiten dugu, Arrasateko eta Otxandixoko  ludotekak eta Arrasateko, Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Zaldibarreko Gazte Lekuak kudeatzen ditugularik. Bestetik, gurasoentzako hizkuntza transmisioa lantzeko egitasmoak burutzen ditugu eta baita guraso.com web gunea kudeatu ere. Azkenik, esan beharra daukagu, tailerren, ikuskizunen eta bestelako ekintzen eskaintza ere badugula.

Nondik eta nora bururatu zitzaizuen horrelako proiektu bati ekitea?

Topagunearen azken kongresuan euskaldunez gain erdaldunak ere kontutan hartu behar ditugula eta hauekin ere lanean hasi behar ginela erabaki zen. Guri ere beharrezkoa zela iruditu zitzaigun, nola edo hala horiekin lanean hasi behar ginela erabaki genuen.

Beraz, hizkuntzaren transmisioa ardatz hartuta, ikusi genuen aberasgarria izan zitekeela euskarara hurbiltzen ahalegindu zirenei eta ahalegintzen ari direnei esker ona adierazteko eta hauekin lanketa bat egiteko zerbait egitea. Horrela, Arteman Komunikaziokoei ideia proposatu, eta dokumental formatua egokia izan zitekeela iruditu zitzaigun.

Orain, dokumentala tresna gisa erabiltzen dugu hizkuntzaren transmisioaren garrantzi azpimarratzeko.

Hizkuntza erdigunean duen filma izanda, ba al du hizkuntza dinamiketan eragiteko helbururik?

Helburua, euskaldunak zein ez euskaldunak diren helduak hizkuntza transmisioaren inguruan hausnartzea eta honen garrantzia azpimarratzea izango litzateke. Noski, hizkuntza dinamiketan eragitea beharrezkoa eta ezinbestekoa ikusten dugu.

Nolako zabalkundea izan du orain artekoan filmak?

Orain arte, Arrasaten, Aretxabaletan eta Bergaran eskaini dugu dokumentala. Jakin badakigu, Iruñean eta EHUn ere dokumentala eman dutela. Eta Lekeitioko Zine Bileran ere emanaldia egingo dute azaroaren 26an.

Bestalde, sarean ere ikusteko aukera badago, bai euskaraz zein gaztelerazko bertsioan ere.

Euskaraz: http://vimeo.com/55430677

Gazteleraz: http://www.youtube.com/watch?v=-s-NlaiS6X4

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide