[caption id="attachment_2828" align="alignleft" width="125"] Iñaki Segurola
Gaur, azaroak 13, Euskara batua eta herri hizkerak gai hartuta, Juan Luis Zabala eta Iñaki Segurola idazleak Elkargunean izango dira arratsaldeko 19:30ean.
31 eskutik helbidean piztu zuten eztabaida, hitzaldian jorratuko duten gaia zela eta. Hitzaldirako giroa berotzeko asmotan, hona galdera eta protagonisten iritzi bana:
Iñaki Segurola: Hau dena J.L. Zabalaren "Batutik ihesi" hartatik dator. Orduan, nire sentimendua da, nonbaitetik ihesi baldin bagabiltza, ba toki hori (batua) dela egoteko toki naturala edo berezkoa. Eta guretzat ez da hala. Euskarak bizi pixka bat daukan herrietan ez da hala. Berdin-berdin esan liteke "Herriko euskeratik ihesi".
Euskara bizia da euskara batuaren etsai naturala. Orain, gertatzen dena da erdara ere hor dagoela, eta erdara batua ere bai, eta jendeak inportantzia handiagoa ematen diola, gainera, erdara batuari euskara batuari baino. Erdararen eta erdara batuaren sakralizazio moduko bat dago... eta hortxe hasten dira gauzak konplikatzen. Herriko euskara, batua (zenbait herritan beste hizkuntza bat bezala sentitzen dena), eta erdara edo erdarak (gero eta pisu handiagoa daukatenak)...
Juan Luis Zabala: Euskara batua, zenbait girotan behintzat, modaz kanpo geratzen ari dela iruditzen zait, artifizialtzat eta aspergarritzat jotzen dela. Badirudi askoren iritziz herri hizkerak direla gure umorearentzako eta komunikazio bizirako bide bakarra, ezin dela “natural” hitz egin batuan. Baina nik uste dut batua beharrezkoa duela euskarak osasuntsu egoteko; baina batu osasuntsu bat, herri hizkeraren bitaminekin indartua.