DANON HERRIXE PARTE HARTZE PROZESUKO PROIEKTUEN BERRI

Maxixatzen.eus 2013ko aza. 6a, 07:04

Udaleko ordezkariak prozesua azaltzen

 

Danon Herrixe parte hartze prozesuan herritarrek aukeratutako proiektuetatik zein dauden eginda eta egiteko daudenak noiz eta nola egingo diren azaldu zuten prentsaurrean. Hona hemen azalpeneko testu osoa:

Orain urtebete, iazko udazkenean, Danon Herrixe parte hartze prozesua jarri genuen martxan. Orduko hartan esan genizuen gobernu irekiaren aldeko apustua egiten genuela, udalaren politika herritarrei zabaldu nahi geniela, nolako Azkoitia nahi genuen elkarrekin hausnartu eta hori lortzeko proiektuak zehazteko. Helburu horrekin ekin genion Danon Herrixe prozesuari, eta asmo horrekin egin genituen bilerak herritarrekin. Azkoitia eta azkoitiarren beharrak aztertu ziren bilera haietan; premia horien artean lehentasunezkoak zein izango ziren zehaztu ziren, eta horietatik 2013ko aurrekontuetan zein sartu eta urte honetan zein egingo ziren ere erabaki genuen, herritarrek eta udalak, elkarlanean.

Urte hasieran onartu genituen aurrekontuak, eta herritarrek aukeratutako proiektu horiek egiteko konpromisoa hartu genuen. Konpromiso hori betetzen ari garela esan nahi diegu herritarrei orain, eta proiektu horiek zertan diren banan-bana azaldu. Halaxe egingo dugu jarraian.

-          Herriko hainbat gune txukuntzeko beharra azaldu zuten herritarrek, eta haien proposamenak entzunda, hainbat lan egin ditugu.

  • Besteak beste, haur parkeak konpontzea eskatu dute azkoitiarrek, eta hala egin dugu: herriko parke guztiak errepasatu dira, zoruak aldatu dira eta bestelako konponketak ere bai. Parke horiek astero-astero gainbegiratzen dira, badaezpada. Konturatu gara parke batzuk zaharkituta daudela, eta horiek nola berritu aztertuko dugu orain.
  • Umeentzat jolastoki estali baten premia ere nabarmendu zuten herritarrek, eta arazo horri behin-behineko irtenbidea emate aldera, pasa den asteburuan hasi ginen Elkarguneko lokal handia irekitzen: larunbatero egongo da zabalik, 16:00etatik 19:30era, ume txiki zein gurasoentzat (0-8 urte arteko umeentzat).
  • Horrez gain, egoera kaskarrean dauden herriko espaloiak ere aztertu ditugu eta herritarren eskaera kontuan hartuta, aurrena San Martinera doana egitea erabaki dugu. Dagoeneko eskatu ditugu horretarako irisgarritasunerako diru-laguntzak eta urtea amaitzerako lizitatuko ditugu espaloia konpontzeko lanak.
  • Ipintzako saneamendua bideratu eta kaudalizatzea eskatu zuten auzo horretako herritarrek. Gipuzkoako Urakeko arduradunekin hitz egin dugu eta proiektua datorren urtean egiteko akordioa lortu dugu. Lanak, beraz, datorren urtean hasiko dira.
  • Azkenik, Aizpurutxoko zubiarekin beste horrenbeste egingo dugu: zubia konpontzeko eskatu zuten auzotarrek arriskutsu zegoelako. Arazo tekniko batzuk agertu dira eta prozesua atzeratu egin da, baina konpondu ditugu kontu horiek eta urtea amaitzerako lizitatuko ditugu lanak. Obrak datorren urtean hasiko dira.

-          Auzoetarako irisgarritasuna hobetzeko premia ere agertu zuten azkoitiarrek, eta irtenbide egokiena autobus urbano bat jartzea izango zela erabaki genuen. Autobus urbano horren ibilbidea, geltokiak, joan etorrien prezioak, ordutegiak… zehazten ari gara jada: lehengo astean bildu ginen aurreneko aldiz herritarrekin, ditugun proposamenak aurkeztu eta euren iritzia biltzeko, eta datozen asteetan beste horrenbeste egingo dugu, zerbitzuaren nondik norakoak herritarrekin adostu, lizitazioa atera eta zerbitzua ahal bezain pronto martxan jartzeko.

-          Eta herri barrukoa ez ezik, bailarako garraio publiko sistema hobetzea ere eskatu zuten azkoitiarrek, eta oraintxe ari da Gipuzkoako Foru Aldundia horretarako parte hartze prozesua egiten. Azkoitian iragan astean egin zen aurreneko bilera, eta datozen asteetan jarraituko du prozesuak. Bertaratu eta parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak, bilera horietan jasotakoaren arabera hartuko baititu erabakiak Diputazioak.

-          Musika eskolaren eta herriko beste hainbat talderen beharrak ere mahai gainean jarri ziren Danon Herrixe prozesuan, eta Elkargunean hutsik dagoen lokalean musika gune bat sortzea erabaki zen. Bihar bertan esleituko dugu proiektua eta datozen egunetan arkitektoa taldeekin bilduko da, euren behar zehatzak jaso eta proiektu definitiboa diseinatzeko. Datorren urteko aurrekontua onartua bezain pronto, obrak esleituko ditugu, eta ezustekorik izan ezean, datorren urteko amaierarako lanak amaitu eta gunea inauguratzea espero dugu.

 -          Baserri bideak garbitzeko eskatu zuten herritarrek, eta iraila bukatzerako bide guztiak garbitu ditugu. Dakizuen bezala, udalak erabilera anitzeko makina bat erosi du, besteak beste, lan horiek egiteko, eta hemendik aurrera urtero egingo ditu lan horiek makina horrekin. Hau da, baliabide eta personal propioekin.

-          Herritarren partaidetza sustatatzeko eskatu zuten azkoitiarrek iaz egindako bileretan, eta bide horretan aurrera pausuak eman ditugu. Danon Herrixe prozesuan sakondu egin dugu eta beste parte hartze bide batzuk ere ireki ditugu:

  • Hondakinen lan talde bat sortzea eskatu zuten azkoitiarrek, eta hala egitea onartu genuen aurrekontuetan. Talde hori jada martxan da, eta udaberria eta uda bitartean hainbat bilera egin ondoren, hondakinen kudeaketaren inguruan hainbat irizpide ezarri dira datozen urteetarako. Irizpide horiek onartu ditu Udalbatzak, uztaileko plenoan eta orain bigarren fasean sartuko gara: irizpide horiek betetzeko Azkoitirako sistema egokiena eta eraginkorrena eztabaidatzeko prozesua martxan jarriko da hil honetan bertan.
  • Auzolana sustatzeko ere eskatu zuten azkoitiarrek bilera horietan eta auzolana arautuko duen ordenantza onartuta dugu jada, eta herritarrek euren proposamenak egiteko bidea ere zabaldu dugu, auzolanean egingo diren lanak denon artean erabakitzeko. Besteak beste honako proposamenak ditugu mahai gainean: Uxerreko  eta Attolako guneak txukuntzea, Urola ibaiaren bazterrak garbitzea…

-          Elkarbizitza hobetzeko baliabideak ere eskatu zituzen herritarrek, eta esparru horretan ahaleginak egin ditugu. Aniztasun kontseiluak erabakita, eta Zestoa eta Azpeitiako udalekin elkarlanean, IPAKA Izarraizpeko Aniztasun Kulturalaren astea egin genuen, besteak beste. Auzoko programa ere abian jarri dugu, eta jatorri ezberdineko emakumeak biltzeko gunea ere sortu da; hilean behin biltzen gara, Elkargunean.

-          Euskara sailean, berriz, diru laguntzen plangintza berrikusteko eskatu zuten herritarrek. Orain arte, euskara ikasteko diru-laguntza ikasturte amaieran ematen zuen Udalak, baina herritarren proposamenak kontuan hartu eta aldatu egin dugu sistema hori: aurtendik aurrera laguntzen %40a kurtso hasieran emango dugu eta %60a bukaeran.

-          Ingurumen alorrean ere hainbat proposamen egon dira. Besteak beste, herritarrentzat baratzeak jartzea eskatu dute azkoitiarrek, eta horretarako lur eremu egokia topatu dugu jada, Altamirako eremuan. Baratzeen proiektua landu dugu eta datorren urteko aurrekontuetan txertatzeko asmoa dugu, baratzeak martxorako prest egoteko helburuarekin.

Hondakinen prebentzioa landu beharra ere nabarmendu zen bileretan, eta horri erantzuteko auzokonposta sustatzen ari gara: dagoeneko gune bat martxan da eta Santa Klara inguruan oraintxe beste bat jartzekoak gara.

-          Azkenik, ekonomia, sustatzeko ahalegin berezia eskatzen zuten herritarrek, eta horri begira aldaketa garrantzitsua egin dugu. Azkoitia eta Azpeitiako udalak sozioekonomia sustatzeko zituen hiru elkarteak, Iraurgi Lantzen, Loiola Berrikuntza Fundazioa eta Ezagutza gunea bateratu eta Iraurgi Berritzen sortu dugu, baliabideak optimizatu eta zerbitzuak hobetzeko. Elkarte, berriak, besteak beste, orain arte gutxi garatu diren alorrak indartuko ditu, formazioari garrantzi berezia emanez, eta besteak beste, enplegu orientazio zerbitzua martxan jarriz.

 

Hau izan da Danon Herrixe prozesuaren aurreneko edizioaren lehen emaitza. Baina ez bakarra: politika egiteko modu berrietan, herritarren ahalmenean eta euren parte hartzean sinesten baitugu eta bide honetatik segitzeko asmoa baitugu. Horregatik, oso berehalakoan ekingo diogu Danon Herrixenen bigarren ekinaldiari. 2014ko aurrekontuetan parte hartzeko prozesua hastear da eta datorren astean aurkeztuko dugu. Bien bitartean, eskerrak eman nahi dizkiegu orain arte parte hartu duten azkoitiar guztiei eta hastear den prozesuan ere parte hartzera gonbidatu nahi ditugu, bai orain arte bidelagun izan diren horiek eta baita orain arte etorri ez direnak ere. Nolako Azkoitia nahi duzuen hausnartu eta elkarren artean erabakitzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide