JUAN KARLOS MERINO: BERRIRO ESKOLARA

Juan Karlos Merino 2013ko urr. 30a, 07:12

Ez da albistea, zaharrak berri baizik. Langabezia-tasa igotzen da urtetik urtera, eta langileak kaleratzea, enplegu-erregulazioak eta enpresa itxierak eguneroko kontuak dira Euskal Herrian. Latza baino latzagoa da egoera!

Azak ontzeko, Gobernuen politika berrien ondorioz, gizarteko alor gehienetan diru-laguntzek murrizketak jaso dituzte. Irakaskuntzan, gainera, LOMCE izeneko legea ezarriko dute, 70eko hamarkadako frankismo-usain ustelera itzuliz.

Bien bitartean, gazte asko –belaunaldi oso bat, akaso- lan-merkatutik kanpo geratu dira, eta hargatik “Ni-NI” delako izenaz (EZTA-EZTA, esan liteke euskaraz - Xuxenek hitza onartzen ez badit ere-) bataiatu dute, ez baitute, ez lanik egiten, ez eta ikasten ere.

Tamalez, ez da burubide horretan dagoen gizatalde bakarra. Egun, langabetuak adin guztietakoak dira; eta gazteek pairatzen duten langabezia itzela bada ere, ez da gutxiagorako berrogeita bost urtetik gorakoen artean dagoen Langabezia-tasa.

Egoera larri horri, gainera, ez zaio momentuz irtenbiderik ikusten. Zer egin ez dakigula ematen du; bai Euskal Herrian, bai Europa osoan. Urola Bailaran, ordea, alderdi horretatik, azken urtetan Hezkuntzan egindako permadurak hemen aipatzeko modukoak dira.

Ez da makala Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHI hezkuntza erakundea egiten ari den ahalegina; bereziki, krisi-egoera berri honetara egokitzeko prestaturiko planak eta matrikulatu diren ikasle berriak lan-merkatura sartzeko bideak berreraikitzeko.

Alabaina, eta horra hor albistea, ikasleen perfila zeharo da ezberdin gaur egun. Hori horrela da, hain zuzen ere, ekonomia eta finantza egoera normal batean sekula ikastera animatuko ez ziren gizabanakoak matrikulatzen direlako orain. Eta ez da, halaber, jarrera makala ikasle berri horiena; izan ere, ahotan hartzeko modukoa baizik ez da. Bada, ikasle horiek guztiek, gazteek zein helduek, argi-eta garbi izan dute zer egin krisiaren alde baikorrari eusteko: berriro eskolara joan.

Horrela esanda, bat-batean, astakeria irudi dakioke bati baino gehiagori. Izan ere, erran bezala, geletan gazteak eta helduak daude eta horietako asko gurasoak dira. Hau da, seme-alabak autoz eskolara eraman ondoren, haiek ere ikastetxera joaten dira. Batzuk, gainera, nekatuta lanetik irten eta ikasteko gogoz abiatzen dira gelara; beste batzuk, aldiz, arestian aipatu lez, egoera kaskarrago batean daude: langabezian.

Krisi honetako ikasle berri horiek oso ezberdinak dira, noski, bai adinez bai pentsamoldez ere, eta, hortaz, Lanbide Heziketako ziklo horiek egiteko nork bere arrazoia du.

Nolanahi ere, bizkitartean, Lanbide heziketa ziklo hauetan irakasleek gazte eta heldu horiei prestakuntza zabaltzen laguntzen diete, eta, aldi berean, langabetuari duintasuna ematen diote, ikasteak beti ematen baitio duintasuna pertsonari. Izan dezagun gogoan hori!

Egungo krisi honetan, beraz, biziki txalogarriak dira Urolako irakasle eta ikasleen ahaleginak; eta, bide batez gomutarazi oso gomendagarria dela langabezian edo lan egora kaskarrean dagoen edonor Lanbide Hezkuntzako edozein ziklo egitera, ez dago damutzerik eta.

Juan Karlos Merino

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide