AITOR ARRUTI: KOADERNO BERDEKO POSTALAK-11

Aitor Arruti Rezabal 2013ko urr. 22a, 12:02

Makalawena hondartza

Makalawenako dortokak

         Kailua-Kona, Hawaii

2001eko urria

          Edertasuna hitz gutxi batzuetan eraikitzea poesia baldin bada, poesiarako bulkada izango zen, orduan, Irla Handian eman ditugun zortzi egun hauetan behin baino gehiagotan sentitu dudana.

Hona iritsi bitarteko bidaiaren luzeak gure ohiko bizi-erritmoari erasanda, hasieran bozkario letargiko moduko batek hauspotu gaitu. Egonaldi laburreko hirugarren egunerako, ordea, hasi gara Kailua-Konatik harantzagoko bazterrak ezagutzeko gogoari bazka ematen. Hala, Max italiar laguna eta biok txartelak hartu ditugu bi egun barru irlako hainbat bazter erakusten dituen bisitaldi baterako.

Dena dela, jakin dut herri honetatik iparraldera badela hondartza bat, Makalawena izenekoa, eta bertan dortoka handiak ikus daitezkeela hondarretan. Hara joateko egundoko gogoak hartu nau orduan, halako bizi poz zoro batek. Ez dakit zergatik, ezingo nuke arrazoiz azaldu, ez bainaiz ni animalien zale sutsu horietakoa.

Kontu horri itzulinguruka, otu zait balitekeela dortokak ikusteko gogo bizia gure presakako bizimoduan moteltasunaren barne dei metafisikoa izatea, azalpen materialetik baino sentipen espiritualetik hurbilago dagoena. Hondartzak Makalawena izena izatea bera ere geldotasunaren gorazarrea da, inondik ere, euskaldun ernearen bihotz-begietan.

Bizikleta hartu eta harantz abiatu naiz, eguzki galdatan, autobide ertzetik. Ezkerraldera itsaso zabala, eskuin aldera harri bolkanikoa gero eta gorago, Mauna Kea sumendi erraldoia urrunean lotan. Izerdi patsetan iritsi naiz Makalawena ingurura, eta maldan behera abiatu naiz itsasertzeraino.

Ontziralekua ikus daiteke bidea bukatzen den hesiaren ondotik, eta lagun gutxi batzuk dabiltza hondarretan. Ez da dortoka arrastorik inon. Polizia bat dago han, dortoka bat egon daitekeen bezain geldi, eskuetako hatz lodiak gerrikoan bermatuta. Bertako jatorrizko herritarren azal kolorearekin, tente, zut ageri da, eguzkitan tinkatutako totem bat irudi.

Hari dortokak ikusteko leku egokiaz galdetzea erabakita, halako batean betaurreko beltzen babesetik motel erantzun dit, berak ez dakiela zein izan daitekeen leku hori, baina balitekeela iparralderago egotea.

Gizonari eskerrak emanda, lagunengana itzultzea erabaki dut, gaurkoz bakarka nahikoa bide egin dudalakoan. Dortokarik ikusi gabe, bai, baina haien geldotasunaren onurak neureganatzen hasteko ildoa urratuta. Ildo horretan hazi egokia ezarri, ondo zaindu eta fruitua jasotzen ikasi beharko dut hemendik aurrera.

 

Aitor Arruti Rezabal

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide