Euskarara hurbiltzeko egitasmoa
Auzoko egitasmoa, TOPAGUNEA eta UEMAk herri euskaldunetarako diseinatutako plana da, eta, Maxixatzenek zuzenduta, Tere Aldalur da Azkoitiko arduraduna.
Zer da zehazki Auzoko?
Herri euskaldunetara datozen etorri berriei hizkuntza harrera egiteko programa bat da, euskaratik urrun bizi direnak, euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeko "lagun-taldeak" sortuz, berdintasunean eta elkar ezagutuz, hizkuntza desberdinetako herritarrak harremanetan jarri nahi ditugu, EUSKARA komunikazio eta kohesio hizkuntza izan dadin.
Zer moduzkoa izan da orain arteko esperientzia?
Ezin hobea! Benetan falta zitzaigun horrelako egitasmoa, nire ustez. Ikuspuntu berri batetik, euskara eta beste hizkuntzak harremanetan jarri, eta, noski, pertsonak! Azkoitiko jendea, adibidez, borondate handiko jendetzat hartzen dut nik, baina oso lotsatia ere bai, eta horrek muga handiak eraikitzen ditu. Horregatik, auzoko zubi zoragarria izan da, goxo-goxo jendea harremanetan jartzeko, eta etorri berriek, euskal ohiturak pixka bat ezagutuz, gure bizimodua uler dezaten, kultura ulertzeko, ezagutu egin behar baita.
Zer moduzkoa da euskara eta gainontzeko hizkuntzen arteko elkarbizitza?
Gure lagun taldean, oso ona; hori da gure helburua. Adibidez, punjaberan (Pakistango hizkuntz bat) eta euskaran antzeko hitzak topa ditugu! Sua punjaberaz gorria da... eta beltza palari deitzen diote, eta horrelako kontuek pertsonak hurbildu egiten dituzte! Berdintasunean nahi dugu elkarrekin bizi Auzokon, horregaitik laguntaldeetan, horrelako momento xarmangarriak sortzen ditugu. Kalean, ordea, uste dut aurreiritzi gehiegi daudela, bai bertakoenak eta bai etorri berrienak, eta horrek elkarbizitza asko mugatzen du, bakoitza bere kulturan isolatuz.
Zer asmo dituzue ikasturte berrirako?
Hainbat jatorritako jendea hurbil dadila nahi dugu. Orain arte pakistandarrak izan dira gehienak; normala da, Azkoitian etorkin gehienak pakistandarrak baitira. Azkeneko saioetan lortu dugu, ordea, senegaldarrak eta latinoak hurbiltzea. Orain, horri heldu behar diogu!
Bestalde, soilik emakume taldea ere sortzen ari gara; badakizue, erlijioa dela eta, emakumeak eta gizonak banatuta ibiltzen dira.
Eta, noski, herriko elkarte desberdinekin ere harremanetan jarri eta elkar ezagutu.