IRENE ELORZA: TXANBOLINK_32

Irene Elortza 2013ko ira. 30a, 12:00

 

Jakin ber, jakin berra. Jakingura. "Ik dauken jakin berra bestiei buruz".

 

Mugikorrak gero eta adimentsuagoak dira, baina konbentzituta nago erabiltzen

ditugunok gero eta lerdoagoak bihurtzen ari garela. Uda honetan WhatsApp bidez

zabaldu diren bi irudi ikusteko aukera izan dut. Batak, gazte azkoitiar batzuek herri

barruan izandako auto istripuaren ondorioak erakusten zituen; auto gidari trakets

batek Julio Urkijo kaleko oinezkoentzako pasabide batean ibilgailua sartzerakoan

sortutako egoera aldrebesa azaltzen zuen besteak. Bata, larria; bestea, parregarria

izan zitekeena. Baina parregura gutxi egunero egiten ditugun akatsak edo izaten

ditugun ezbeharrak denon berriketarako gai bihurtzen direnean, froga grafiko eta

guzti gainera.

Azpeitian ere beste horrenbeste gertatu da azkenaldian. Baten batek Enparan

Dorrearen aurreko pasabidean aparkatu zuen autoa, hiru eskailera maila jaitsita eta

guztiz debekatuta dagoen toki batean. Berehala zabaldu da argazkia eta herriko

komunikabidean ere jaso dute “albistea”. Komentatu didate leihotik salto eginda

orain dela gutxi bere buruaz beste egin zuen gizonaren irudia ere zabaldu zela

mugikorretatik. Bigarren kasu horren larritasuna argi ikusten da, baina, zeinek esan

dezake gaizki aparkatutako autoarena gertaera dibertigarria denik? Eta gidaria

Alzheimerrak jota badago? Eta alkoholizatutako pertsona batek sortutako egoeraz ari

bagara? Pertsona horiek gure familiakoak balira, zer? Argazkia aterako al genuke?

Zabalduko al genuke?

Ez dakit zerk bultzatzen duen pertsona bat horrelako argazkiak ateratzera, ezta

zein interes aurkitzen duen horiek zabaltzen ere. Afizionatu mailako kazetari edo/eta

polizia asko sumatzen ditut inguruan, eta beldurra ematen dit. Ez ote dauzkagu

nahikoa kamera eta zaintza kale eta eraikinetan? Azkoitiarrok hain zaleak garen

zurrumurruen 3.0 bertsioa izan daiteke hau, badakit; funtsean ezer gutxi aldatu

da, forma besterik ez agian. Baina teknologia berriekin balizko kalteak biderkatu

eta mugagabe zabaldu daitezkeela eta ondorioak izugarriak izan daitezkeelakoan

nago. Teknologia horiexek ondo erabilita, aldiz, probetxuzko zerbait egiteko gai izan

gaitezke. Lekukotza zerbaiterako erabili. Ikusi (merezi badu). Filmatu (beharrezkoa

bada). Aldatu (aldatzeko premia duena).

http://witness.org/

Irene Elorza

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide