AITOR ARRUTI: KOADERNO BERDEKO POSTALAK-8

Aitor Arruti Rezabal 2013ko ira. 24a, 16:39

Cotlliure, Herrialde Katalanak, 2013ko abuztuaren 29a

          Gironako kostan zehar sigi-sagan gidatu dugu autoa, mahasti artean bihurgunez bihurgune. Portbou eta Cervera herrien bitartean, Frantziako muga zeharkatu dugu, eta xarma handiko txokoak ikusi ondoren iritsi gara Cotlliure herrira.

Espainiako Gerra Zibilaren bukaera aldera, bertara jo zuen Antonio Machado poetak, ama lagun zuela, eta hantxe hil ziren biak, idazlea aurrena, eta handik hiru egunera ama. Bertako hilerrian daude hilobiratuta, biak hobi berean.

Nire bi lagunek, hara joateko asmoa genuela adierazi nienean, haien izenean poetaren omenez zerbait uzteko eskatu zidaten, lore batzuk edo.

Kotxea aparkatzeko nahi baino buelta gehiago eman ondoren, aurrena jendez lepo dagoen porturantz jo dugu, aldean daramagun bazkari legea itsaso aurrean egiteko asmoz. Aparta da lekua, harri landua eta zura bikain uztartzen duten eraikinak, kale zoko artez zainduak, eskailerak itsasertzeko haitz dotoreetan gora eta behera.

Harmaila batzuetan gure jan-edanak egin bitartean, Frantziako Armadako militarrak hasi dira txalupetan irteten, eta beste mordoxka bat binakako kaiak txalupetan arraunean azaldu dira.

Agintari baten esanetara, denak bildu dira, eta hark esandako jolasak egiten hasi, umore ederrean. Kontura dadila jendea, bizitza militarrak baduela gozotik ere, eta ugari gainera. Hara, nonbait, egun hartan bildutako jende piloak ikasi beharreko lezioa.

Hilerria ez dago aparte, eta bertara bidean, Machado eta ama bizi izandako etxe ondoan hasten da poetari eskainitako kale estua, eta handixe oinez jarraituta, lorategiak lorez gainezka dauzkaten etxe baxuen artean, berehalako batean iritsi gara hilerriko atera.

Irekita dago, eta sartu orduko ikusi dugu hilarriaren gainean Errepublikaren bandera ezarrita duen hilobia, eskuin aldean. Bi plaka ofizial dauzka bertan, idazlearen aipu banarekin.

Lore batzuk ere badaude, joandako jendeak poetari eskainiak. Guk paperean zerbait idatzi, eta papera bertan uztea pentsatu dugu, gure omenaldi xumearen lekuko.

Jarleku bat behar idazteko, eta pareta kantoian ikusi dugu bat, eta alboan gizon edadetu bat dago eserita. Kolore gorria eta begi larriak dituen arren, gizalegez erantzun dio gure agurrari. Paperean idazten hasiak ginela, galdezka hasi zaigu, erdi frantsesez, erdi espainolez, orduari buruz edo, ahots kraskatu samarrez.

Alkoholetan itotako hitzak ulertzea lortu dugunean, ordu bi t’erdiak inguru zirela erantzun diogu. Eskerrak eman dizkigu, ahal bezain adeitsu.

Gure eginkizuna bukatu orduko, agurtu egin dugu gizona, bai berak erantzun ere, eta lurretik harri koxkor bat jasota, hilobian ezarri dugu orri erdi hautsian idatzitakoa, harri-koxkorra gainean duela.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide