Son Bou, Menorca.
Goizeko zazpiak pasatxo dira, eta gosaldu aurretik lasterka egitera abiatu naiz. Eguna esnatzearekin batera neu ere esnatzen hasteko modu ederra da niretzat mantso-mantso antxintxika egitea, areago bazter ezezagunetan zehar ibiliz baldin bada. Guztiok ditugu geure harrikadak, eta hara hor nireetako bat.
Menorcako itsasertz osoa zeharkatzen duen Camí de Cavalls (Zaldien Bidea) aukeratu dut gaur, aspaldiko bidearen Son Bou eta Cala en Porter bitarteko zatia. Son Boutik aldapan abiatu naiz, eta pausoen abiadura arnasaren erritmora egokituz egin dut goiko lepora bitartekoa. Inguruan badira bospasei etxebizitza haitz bolkaniko gorrixkaren barruan, haitzetako kobak baliatuz egindakoak, inondik ere. Ez dakit oraindik norbait bizi ote den haietan. Itxura txukuna dute behintzat.
Gaineko lepora igota beherantz abiatu naizenean, arnasa baretu ahala, zapatilak bideko lur gorriaren kolorez tindatzen hasi zaizkit, eta haitz arteko ikuspegia irekitzen duen bailaratxoa bistaratu zait pausoan-pausoan. Aurreraxeago, neurri askotako harriz bete da ia erabat bidea, eta konturatzerako kala batera iristen ari naizela ikusi dut.
Llucalari kala da begien aurrean daukadana, eta jaso dudan edertasunak pozezko irribarre bat eragin dit ustekabean, harririk harrirako jauzi-dantzan, jolasean bezala, nabilen bitartean. Bizitzako errotan murgilduta gabiltzanok, errotako atea ireki, eraikuntzatik irten eta kanpoaldean gogoko giroa sumatuta senti daitekeena jabetzen da nitaz horrelako uneetan.
Baina kalara iritsi ahala konturatu naiz ezkerraldean bi piragua daudela, eta kalaren erdian bi lagun daudela zaku banatan sartuta, lo.
Bat-batean, utzi egin diot korrika egiteari, eta oinez jarraitu dut bidean aurrera, ezin esan zergatik.
Baliteke oharkabean nire lasterkako pausoek han zegoen bakea hausten zutela konturatu izana, eta nire kontzientziak, lotsaren lotsaz, pausoak berehala moteltzeko agintzea. Bakean dagoenari bakean uztea betebehar nagusi gertatu zait une horretan.
Beharbada, nolabait irudituko zitzaidan gizakiok ez dugula eskubiderik barruko poz barea eragin didan unea bezalakoak gure erara behartzeko. Antxintxika jarraitu izan banu, nolabait presaren bizimoduaren mezulari bihurtuko nintzen, eta une horretan nik beste edozer nahiago nuen hori baino.
Izan ere, askotan pentsatu izan dut gehiegitan astintzen ditugula bake ederrean utzi beharreko kontuak, eta, bien bitartean, astindu beharrekoak dauden-daudenean uzten ditugula, gehienon kalterako.
Aitor Arruti Rezabal
2012ko abuztuaren 22a.