Son Bou, Menorca.
Oporraldiko egunetarako aukeratu dugun hotelean italiar ugari dago, eta bada familia bat andre-gizon gazteek eta lauzpabost urteko semeak osatutakoa. Andrea haurdun dagoenez, bularrean, besoetan eta bizkarrean tatuajeak dituen aita ibili ohi da umearekin jolasean askotan.
Ingelesen artean ohikoagoak badira ere, italiar eta espainiar askok dituzte erakusgai tatuajeak hemen, orain gutxira arte gure begietarako legearen mugetan edo legez kanpo zebilen jendeari lotutako azaleko marrazki betierekoak. Gure herrietan ere gero eta jende gehiagok hartu ditu bere soinean ezarri nahi dituen ezaugarritzat.
Halako batean, andre italiarra ikusi dugu, eskuan ohiko egunkari bat eta arrosa koloreko beste bat hartuta, gizona eta umea itzalpean dauden mahairaino joaten. Gizonak eskua luzatu dio, egunkaria eskatuz.
Andreak, burlaize nabarmenez, ohiko egunkaria eskaini dio. Senarrak gaitzespen keinua egin dio eskuarekin, eta pulamentuzko egunkaria emateko eskatu: La Gazzeta dello Sport paper arrosakoa, alegia, Italian kirol egunkari nagusia dena.
Egunkari horretakoek antolatu zuten lehen aldiz txirrindularitzan Italiako Giroa, eta horrexegatik da arrosa kolorekoa Giroko liderrak janzten duen maglia.
Urrutira joan beharrik gabe, Marca da Espainian gehien saltzen zen egunkaria eta nolabait bete egiten da enperadoreak jendea bare edukitzeko hartutako neurriak kritikatuz Juvenal erromatar olerkariak esandakoa: panem et circenses, ogia eta zirkuko jokuak. Julio Zesarren ekimenez, herritar txiroei garia eta zirkurako sarrerak ematen hasi ziren Erroman, jendea politikarekiko arduragabe mantenduz.
Orain gutxi bukatu dira Londreseko Joku Olinpikoak, jende asko telebistari begira mantendu duten kirol lehiaketak, eta bi mila urte geroago ere bistan da etekin ona ematen jarraitzen duela Erromako enperadoreen estrategiak.
Bestalde, lan arloko azkeneko joerak ikusita, iruditzen zait agintariek herritarrei panem emateko, behar duenari mantenua, laguntza, zerbitzua eskaintzeko gero eta mundualdi aldrebesagoa dugula.
Gure artean jende askok gogo onez hartu izan du ardi latxaren irudia, euskaldunon sinbolo bezala. Gustura asko ezarri ditu hainbatek ardiaren eranskailuak bazter guztietan, nahiz eta ardia animalia otzana, aurrekoa nora, hura hara, ibili ohi dena izan.
Baina guk, gure piercing, tatuaje eta gainontzekoak askatasun osoz eta geure kabuz hartutako erabakiaren arabera soinean ezarri ditugunok, ez dugu gogo onez hartzen inork guri agintzerik.
Gu ez gara animalia otzanak, gregarioak... ala bai?
Aitor Arruti Rezabal
2012ko abuztuaren 23a.