Gaztela aldean, ele zaharrak sinesten zituzten garaietan, fruitu helduegiak janez gero, neskatoak mutil bihurtzeko arriskuan egon zitezkeen. Mutikoek, berriz, ez omen zituzten fruitu heldugabeko gordinak jan nahi, neskato bihurtzeko arriskuan izango zirelakoan.
Inondik ere, beldurra erabiltzen zuten zaharragoek umeek fruituak behar den garaian jan zitzaten, ez lehenago ez beranduago.
Gure ume denboretan, herriko igerileku genuen presako kanalean, presako aldapa deitzen genion hartan, esana ziguten joan-etorrian hegan ibiltzen ziren burruntziek begiak ateratzen zituztela. Ez genekien nola egin zezaketen horrelakorik xomorro hegadun hauskor itxurako haiek, hego luzexka gardenekin, hanka motzekin ala bestelako tresnaren bat erabilita.
Izan ere, beldurrak itsutu egiten gaitu, eta geure buruari egin beharreko galderak ere oztopatu egiten dizkigu zeharo.
Gerora, bizitzaren ibilian konturatzen joan ginen umetako irudi hura egiazko munduaren erakusgarri izan zitekeela pertsonen artean.
Ikusi genuen, eta batzuetan ikasi ere bai, beti nagusi izan nahi duten benetako gaizkileak ez direla konformatzen jendeari begiak ateratzearekin, jendeari berezkoa duen sexua egoskor aldatu beharrarekin, jendeari berea den bizimodua izorratzearekin.
Aitor Arruti Rezabal
2006ko uztailaren 11.