ELKARRIZKETA: AMAIA ARANBARRI EKT-KO IKASLEA

Maxixatzen.eus 2013ko uzt. 1a, 11:08

Amaia Aranbarri
EKTko ikaslea

 

EKT, Euskal Kulturgintzaren Transmisioa, Mondragon Unibertsitateko graduondoko ikastaroa da, eta bi urtetik behin egiten da.

Aurtengo laugarren edizioan Amaia Aranbarri azkoitiarra izan da, besteak beste, bertan. Asteroko saioetan kultura esparruko hizlari ugariren ekarpenak entzuteko aukera izan da.

Maxixatzenen ere ahalegindu gara bertan entzundakoei tarte bat eskaintzen, eta astero-edo emailez “transmisio dosi bat” izenpean bidali dizkizuegu bertako hainbat kontu. Lan horri jarraipena emanez, elkarrizketa diogu Amaiari:

Zertan datza zure ustez kultura transmititzearen garrantzia?

Euskal kultura bizirik irautearen arrazoi nagusia belaunaldi ezberdinen arteko transmisioa izan da. Jaso dugun hizkuntza, ohitura, portaera, harreman, etab. gure iragana dira, gure identitatearen parte dira eta belaunaldi berriek ere, nahi duten etorkizuna sortu ahal izateko, beren iragana ezagutu behar dutela iruditzen zait.  Transmisio horretan hizkuntzaren kalitateari, alderdi soziolinguistikoari eta soziopolitikoari erreparatu behar diogu, hori ere azpimarratu digute EKTko saioetan zehar.

 Zer azpimarratuko zenuke ikastarotik? 

Euskal kultura transmititzeko nahia eta beharra ikusten duen jendea badagoela ikusi dut. Kulturgintzako alderdi ezberdinetan ikaragarrizko lana egin duen, egiten ari den eta egingo duen banako asko dagoela. Gure kultura minoria bat den arren, etorkizunera begira dugun panorama aldatzeko ahalegina egin genezakeela ohartu naiz. Horretarako Sarasuak dioen moduan, erein beharra dago, hau da, inguruan eragingo duten masa kritikoak sortu behar dira. Niri ikastaroak egoeraren kontzientzia hartzeko balio izan dit, inflexio puntu bat izan da eta aurrera begira, lehen aipaturiko ereite horretan lan egiteko gogoa piztu dit.

Transmisio nola gauzatzen da Azkoitian gaur egun?

Azkoitian euskal hiztun komunitatea nabarmena dela esaten da,  euskararen erreserba naturala dela esaten duenik ere badago, baina kulturaren hainbat alderdiri dagokionean hutsune garrantzitsua dagoela esango nuke. Belaunaldiz belaunaldi euskara transmitituz joan da, eta Azkoitiko gazteok orokorrean, geure identitatearen oinarritzat daukagu. Hala ere, euskal kultura kontsumoari edo sorkuntzari dagokionean aldaketa egon da, gazteleraz nahiz ingelesez sortutako kultura kontsumitzen dugu gehienbat (musika, literatura, prentsa, zinema,…). Beraz, transmisioan ahultze bat edo eten bat egon dela nabarmenduko nuke.

Egun dugun egoera ikusita, herritarrok etorkizunerako estrategiak diseinatzen hasi beharra daukagula iruditzen zait. Hezkuntza arautuan eta hezkuntza ez formalean eragin litekeela uste dut; ikastetxe, ludoteka, gazteleku eta abarren bitartez, lan handia egin daiteke gure iragana eta oraina ezagutarazten.

Horrez gain, gizartean euskaraz sortzen dena ezagutu eta zabaltzea ere garrantzitsua da; horretarako, udalak antzerki, musika edo zinemarentzat guneak eskaini ditzake, tabernak ere sorkuntza hau zabaltzeko bide izan daitezke edota herriko beste edozein eragilek ere egiteko honetan lagun dezake.

Guztiok elkarlanean Euskal Kulturaren Transmisioan dagoen hutsunea betetzeaz gain, belaunaldi berriei ezagutarazi eta gozatzeko aukera emango genieke.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide