ZUONDOAN, HARRERAKO FAMILIAK ESZENATOKIAN

Maxixatzen.eus 2013ko eka. 24a, 00:00

Zuondoaneko lantaldea
Argazkia: Jon Andoni Martin

 

Beharra duten haurrentzako harrerako familiak zer diren natural-natural adierazteko modu egokia da antzerkia, are aproposagoa haurrei ari bagatzaizkie. Horixe gauzatu du Zuondoan egitasmoak, eta elkarrizketa egin diogu antzezlana idatzi duen Itziar Elias antzerkilariari:

1. Antzezlana hainbat lekutan aurkeztu duzue. Non aritu zarete? Gipuzkoan bakarrik ala beste herrialdeetan ere bai?

Apirilaren 17an aurkeztu genuen Arrasaten, eta bi hilabetetan Gipuzkoako hainbat herritan ibili gara; Azpeitia, Soraluze… Aurten Gipuzkoan hasi gara, baina asmoa, hurrengo ikasturtean Bizkaia, Nafarroa eta Araban aritzea da.

2. Zer moduzko harrera izan du antzezlanak?

Oso gustura gaude izandako harreragatik. Antzezlan hau haurrentzako da, eta publiko zorrotza izan ohi da. Egia esan, orain arte landu gabeko gai batekin ari gara lanean, eta orokorrean jakin-mina sortzen du. Ez dakit haurrek gure antzezlana ikusita bakarrik zerbait ulertzen duten, baina guretzat harrera familia kontzeptua, edo gutxienez hitza bera, jasotzen badute, nahikoa da. Normaltasunaren bidea jorratzea ez da egun batetik bestera lortzen, prozesu bat da, eta gu hasi besterik ez gara egin.

3. Ikastetxeetan aritzeaz aparte, jorratu al duzue bestelako antzeztokirik?

Bai, herri bakoitzak bere erara antolatzen du. Baina lehen esan bezala, antzezlan honek badu bere mezua, eta ikastetxeetan egin dugunean edo behintzat ikastetxeekin lotura eduki dugunetan, haurrek hobeto ulertzen dute mezu hau. Antzezlana ikusi aurretik edo ondoren, Irrien lagunek prestatu diguten ipuina gelan irakurtzeak eta gaia lantzeak, asko laguntzen du.

4. Harrerako familien errealitatea gizarteratzeko asmoa zenuten Zuondoan egitasmoa antolatzean. Helburua betetzat eman al daiteke?

Helburua betetzeko oraindik lan asko egin behar da, eta gure lana egin behar denaren zati txiki bat besterik ez da. Hala ere guk jarritako zati txiki honek, emaitza txiki bat bada ere eman duela esan ziguten arduradunek. Jendea deika hasi dela… Gustura gaude, prentsan ere oihartzun handia izan dugulako. Harrera gaia normaltasunera iristeko ezinbestekoa da gaiari buruz hitz egitea, inor ez dadin gelditu egoera hau existitzen dela jakin gabe. Normaltasuna heltzen denean, agian harrera familiak gehitu egingo dira. Beharra badago, eta bidea batzuetan zaila izan arren, jasotzen dena zoragarria dela ere esan beharra dut. Irailetik aurrera berriro antzezlanarekin herriz herri hasiko gara lanean, informazioa nahi duten guztientzat www.zuondoan.com helbidean dute gure informazio guztia. Mila esker.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide