Behin, ilunpean esnatu eta aita ikusi nuen geldi, kanpoko gauari adi. Senideok ez esnatzeko moduan, ahopeka zera galdetu nion:
-Aita!, zeren beldur gara?
-Etsaiak hurbil dira, seme. Kontuz ibili beharra dago.
Etsai haiek erromatarrak ziren. Kanpotik etorritako jendea zen, eta haien gudariak sartzen ziren baserri eta herri guztietan jabe egiten ziren. Maiz, indarrez egiten zuten. Eta gutxitan, oso gutxitan, aldiz, sagar-uraren antzeko edaria eskaintzen eta banatzen zuten herritarren artean, musu-truk.
Gizaki onak, baketsuak, merkatariak ziruditen guztiek, eta gure artean harrera ona izateko asmoz ematen omen zuten edateko oparia.
Edaria edanda, aldiz, gizonak alaitu egiten ziren, biziki gainera, eta, ondorioz, ez zuten izaten gero borrokarako gogorik, ezta indarrik ere. Sorginduta bezala geratzen ziren; loak hartzen zituen berehala. Eta orduan, noski, inguramenduetan gordeta zeuden erromatar gudariak agertu eta nonahi sartzen ziren, eta armak harrapatu ondoren, jaun eta jabe egiten ziren. Horrelako berriak iristen zitzaizkigun gurera, gero eta sarriago.
-Eta zuri zerk ostu dizu loa, seme?
-Amets gaizto batek.
-Bihar, amamari kontatu beharko diozu, badaezpada.
-Bai, aita.