Laster abisatu zien historialariei, antropologoei eta hainbat erakundetako ikertzaileei. Eta denek adostu zuten aurkikuntza paregabea zela.
Horrela, indusketen gainean ikerkuntzak aurrera egin neurrian, oihartzun handiagoa hartzen zuen kasuak mundu osoan. Eta mundu osoko psikiatrian adituak etorri ziren ni ezagutzeko nahian.
Munduko nazio askotako telebistako langile taldeak etorri ziren ni elkarrizketatzera. Hitzaldi eta erreportaje asko egin ziren nire kasuarekin. Famatu nintzen munduan. Psikologia eta Zientzia aldizkarietan azaltzen nintzen. Filosofoak eta pentsalariak telebista saioetan hizketan ez ziren ados jartzen. Gero, teoriak eta teoriak daude; zenbat buru hainbat aburu!
Kasua benetakoa bada, ondorioztatzen zuten nire aldeko adituek, bertan behera erori da ezagutzen dugun bizitza eta bizimodua; bai, egun ezagutzen dugun munduaren oinarriak hautsi dira.
Nik, ordea, ez nuen deus ulertzen. Txikiegia nintzen horretarako.
Urte mordo bat iragan arren, oraingoz ere ez da argibiderik topatu. Oraindik ere askok eta askok esaten dute dena gezurra izan dela; asmatutako lerdokeria bat besterik ez dela. Publizitate hutsa, akaso. Nola edo hala, eztabaida handiak eta zalaparta ugariak eman ditu gertaerak.
Horrelaxe, beraz, hitz gutxitan esanda, aurkitu nuen Munoandiko harri-etxea.
-Aita!
-Zer?
-Ahaztu al zaizu berriz?
-Ezetz!, seme. Oraintxe esatear nengoen.
Pasa den hilean telefono-deia izan nuen. Aranzadi taldeko batek komentatu zidan gizaki baten hezurrak aurkitu dituztela espeleologoek, justu nik azaldutako tokian; baina, bitxiagoa egin zaie hortik hurbil agertutakoa: garbitu ostean, daga formako metal pusketa bat azaldu da, herdoilak janda. Eta, noski, denak harritu dira horrekin; denak, ni izan ezik; bada neuk horixe bera bota bainuen hara, beste bizitza batean.
Amaiera.
2010-02-17