KULTURAZ

Juan Karlos Merino 2013ko eka. 4a, 21:24

Azkoitiko Balda plazako iturria har dezakegu gure kulturaren ikurtzat. Izan ere, euskaldunok, Europan kokatuta, hiru iturritako urez osatu dugu gure kultura.

Iturri zaharrena Denboraren gauean galtzen da, eta Euskara da laga digun altxor handiena. Beste bi iturriak kanpotik datoz, eta Euskal Herriak, Europa osoak bezala, edan du haien uretatik. Lehenengoa Grezian jaio zen eta bestea Israelen. Denboraren joanean, iturri berrien urek bertoko kultura zaharra eraldatu dute, aberastu eta baita zapaldu ere egin dute.

Iturri horien ur eragingarrienak testuak besterik ez dira. Bai. Harrigarria bada ere, testu horiek sekulako garrantzia izan dute gure kulturan. Lehenengoak Homeroren epopeiak dira: Iliada (Troia grekoz Ilion esaten da) eta Odisea (Uliseren bidaia). Bestea hebertarren Biblia da.

Hiru iturri horiek, beraz, moldatu dute gure kultura Historian zehar. Izan ere, zer da ba kultura gizartea kohesionatzen duen testu-istorioak izan ezean? Hau da, herri baten biografia. Biografia horrek esaten digu zer garen eta nolakoak garen. Hortaz, iturri horietatik edandako ur-zurrusta bakoitzak gure biografia ulertzen laguntzen digu, zer garen eta nolakoak garen konprenitzen laguntzen digu.

Baina horretarako egarri behar dugu izan, eta hori da, hain zuzen, euskaldunon artean sumatzen dudan falta nagusia: gure kulturarekiko egarri eza. Apenas inor hurbiltzen da egun Balda plazako iturritik edatera eta, hori, euskararen iturri zaharrena dena, agortzen ari da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide