Txanbolink_22

Irene Elortza 2013ko mai. 29a, 23:17

Xextra, xextrie. Iskanbila.

MARROIA Badira urte batzuk hondakin organikoak bereizi eta edukiontzi marroietara botatzeko aukera dagoela herrian. Hasieran, programa berrian parte hartzen zuten herritarrei zaborrengatik ordaintzen zuten tasan hobaria ezarri zien Udalak. Ez zen diru asko, baina neurri egokia zirudien birziklapena bultzatzeko. Mila biztanletik gora eman genuen izena eta ‘birziklatzaile integralaren kit’ bana jaso genuen esku zabalik. Hasi ginen organikoa bereizten eta konturatu ginen zaborra bereizi ondoren geratzen zen errefusa kopurua oso txikia zela. Munduko eltxorik txikienak ere ezagutu genituen, kubo marroiaren lagunik onenak baitira uda partean. Urteek aurrera egin ahala, hobariaz aprobetxatu bai baina gai organikoak bereizteari utzi zioten askok eta askok. Datuen arabera, hirutik batek bakarrik jarraitu genuen programarekin zintzo. Eta Udalak kendu egin zuen hobaria. Zoragarri. Hirutik bi horiek bere horretan jarraitu zuten, eta hirugarrenak, berriz, ez zion utzi edukiontzi marroia erabiltzeari. Baina marroia guztiona da oraindik.

HORIA Harategira joan eta harakiria egiteko gogoa sartzea dena bat izaten da. 100 gramo jamonyork eskatu eta beste hainbeste pisatzen duen paper eta plastiko festan biltzen dizute, borondate onenarekin, noski. Lehenik eta behin, beheko kapa jartzen dute pisuan. Plastikozko geruza fin bat duen paper koloretsua izaten da, harategiaren telefono zenbakia idatzita duena (inoiz deitu al diozue zuen harakinari?). Gero, bertan jartzen dute elikagaia, 17 gramo, 45, gramo… eta xerra bakoitza zure kontzientzian zama bihurtzen da badakizulako bukatzean beste paper-plastiko orri batekin estaliko dutela materiala. Ondoren, plastikozko poltsa mehe batean sartzen dute tiket txiki batekin batera, eta poltsaren kanpoaldean pegatina jartzen diote prezioarekin, dudarik balego ere... Diamanteak ere ez dituzte hainbeste babestuko Afrikatik Ambereserako bidaia egiteko!

Ba, aurreko batean, harakinari esan nion kanpoko poltsa hori ez nuela behar, banuela nik etxetik ekarritako poltsa polit askoa. Orduan, nire jarrera saritzeko-edo zozketa batean parte hartzeko esan zidan. Izena eta telefonoa utzi eta bono baten zozketarako txartela eskuratu nuen. Zaila jartzen ari da jamonyork-a besterik gabe erostea!

BERDEA Umea nintzenean, Ekonomatora joaten ginen erosketak egitera. Errebaleko denda “handi” (orain parre egingo genuke haren tamainaz) hartako sarreran burnizko sarearekin egindako kutxa handi bat zegoen eta bertan utzi behar ziren kristalezko botila hutsak. Bertako arduradunak zenbatu egiten zituen “kaskoak” eta erosketa egindakoan kaxatik pasatzen ginenean, utzitako botilen araberako deskontuak egiten zizkiguten. Modatik pasa zen hura, ekonomatoa itxi zuten, eta tabernariek ezik inork ez genuen beira berrerabiltzen edo berrerabiltzeko sistemarik erabiltzen. Edukiontzi berdea jarri zuten arte. Orain, ez dakit zenbat urte geroago, jogurten kristalezko poteak bueltatzen hasi naiz Oreka dendak aukera eman didalako. Baina gainontzeko botila eta ontzi guztiak zaborretara botatzen ditut. Ederra litzateke 80eko hamarkada arte erabili izan zen metodoa berreskuratzea. Vintage eta nostalgia ez al daude ba moda-modan?

URDINA Ez dakit zenbat herritan hasi diren atez atekoaren kontrako ekimenen artean zabor poltsak balkoietatik esekitzen. Benetan zatarra eta tristea iruditzen zait horrela ibiltzea. Denok daukagu gure ideiak adierazteko eskubidea, baina eskertuko nuke adierazteko modu horiek apur bat irudimentsuagoak izatea. Esate baterako, kontra dauden horiek guztiek saltoki handietara joan eta ekintza zuzenak egitea: erosketa egin eta kaxan uztea alferreko kartoi, plastiko eta bestelakoak; iradokizunen buzoiak ideiez betetzea; ekoizleekin harremanetan jarri eta bilgarri gutxiago erabili ditzaten eskatzea; edo antzeko ekintzak.

Espero dut Azkoitian horrelakorik ikusi beharrik ez izatea; atez atekoaren kontra daudenak euren ahotsa entzunarazteko beste bide batzuk aurkitzea. Hondakinen inguruko mahaia osatu denez, bertan parte hartzea, esaterako. Eta herrian atez atekoa ezartzea erabakitzen bada, onartzea. Ez Udalak edo ez dakit zein alderdik inposatu duelako, ingurumenak ozenki eskatzen duelako baizik, eta berandu gabiltzalako. Eta herri galdeketa egin nahi badute, egin dezatela. Baina bi galderarekin, bozen papera ondo aprobetxatze aldera. Lehen galdera, atez atekoa bai ala ez? Eta bigarrena, ezezkoa bozkatuz gero, ZURE HERRIKO zein parajetan nahi duzu errauskailua? (Aukerak ere denon artean adosteko prest, noski). Eta demokraziaren hain zaleak bihurtu garenez, noizko beste herri galdeketak? Drogak legalizatu bai ala ez? Ibilgailuen Azterketa Teknikoa derrigorra, bai ala ez? Politikarien pentsioak zenbatekoak eta zein baldintzetan? Irun eta Hondarribiko alardeak legezkoak al dira?...

GRISA Gure herrian aise gertatzen den bezala, dena nahastu da gai honetan ere. Politika, ingurumena, ekonomia… dena poltsa berean sartu eta sekulako kiratsa dariola utzi dugu kalearen erdian. Eta gero eta handiagoa bihurtzen ari dira zakarra, kiratsa eta sestra. Neurriz kanpokoak, esango nuke. Urola Kostako Hitza egunkarian, esaterako, atal berezi bat eskaini diote gaiari; eta ez dute “Ingurumena” izendatu, ez, “Hondakinak” deitu diote. Kirola, Kultura, Politika eta Ekonomiaren estatus-a lortu du hondakinen gaiak. Auskalo zergatik! Eta, gehiago larritzen nauenak: auskalo noiz arte!!

http://elplasticomata.com/

http://www.ted.com/talks/lang/en/capt_charles_moore_on_the_seas_of_plastic.html

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide