Xakel, xakela. 1. Igela. 2. Azkoitiarra. "Axkoittikuei xakelak
otseitteiube".
Umetan, udako gau bero sargorietan balkoiko ateak zabal-zabalik zeudela
ikusten genuen telebista etxeko egongelan. Familia osoa Primera ala UHF kateei
begira, ‘mandoaren’ beharrik ez zegoen garai hartan (urrutiko agintea beste zerbait
zen orduan, politikoagoa). ‘Familianumerosako’ txikienak egiten zituen mandoarenak,
bat ere gogorik gabe: “Irene, aldau!”, esaten zuten anai-arrebek, demokraziaz eta
gehiengoaren tiraniaz biziko lehenengo lezioa debalde ematen ari zidatela ohartu ere
egin gabe. Urola ibaira ematen zuten balkoiko ateak zabalik, kortinak dantzan bezala
aritzen ziren, eta sartzen zen freskura apurra gustura hartzen genuen sofa txikiegian
elkarren gainean eserita geundenok. Harik eta lehendabiziko zakela kantuan hasten
zen arte. Orduan, bagenekien ate haiek itxi beharrean egongo ginela telebista entzun
nahi bagenuen. Aurreneko zakel haren korrokadaren ondotik beste baten, eta beste
baten, eta haruntzagoko beste baten kantuak gehitzen joaten zirelako. Orfeoia osatu
arte.
Hogeita hamar urte igaro dira eta familia etxe batean baino gehiagotan bizi da
sakabanatuta, bakoitza bere telebistarekin. Nire etxeko balkoietako ateak ere Urolara
begira daude, baina jadanik ez dut zakelik entzuten udan. Hala ere, bada bestelako
musika auzoan. Aurreko etxe zaharreko laugarren solairuan, balkoi bateko ateak
zabal-zabalik egoten dira askotan, negua ala uda izan. Kortinak haizearen menpe
dantzan, eta musika ateratzen da etxe horretatik, bolumen handian. Jendeak gora
begiratzen du, “baina, zein bizi da hor?” esanez bezala… Ni ez nau molestatzen. Hor
bizi denak nire antza badu, musika ozen jartzen duenean gustura sentitzen delako
izango dela pentsatzen dut. Shakira, Amaral, Sabina eta horrelakoak entzun ohi ditu,
horregatik imajinatu dut Hego Ameriketatik etorritako etorkina izan daitekeela (etorkin
asko bizi dira nire kale zaharrean).
Baina aste honetan, eta hiru urteko kale-girotze erdaldunen ondoren, nobedade
bat antzeman dut etxe horretan. Kaletik nindoala, Oskorriren abesti bat entzun dut,
ozen, garbi. “Guretzat berdin dira astea eta jaia…”. Hurrengo egunean, Oskorriren
beste klasiko bat entzutea portunatu zait: “Gora ta gora beti!!”. Eta kaletik doan
jendea gora begiratzen du, balkoirantz. Okurritu zait agian euskara ikasten hasi dela
auzokidea, astean bitan joaten dela euskaltegira lanetik ateratzean. Hemengo kultura
ezagutzen hasi dela eta atsegin duela. Eta berarekin bizi direnak ere (normalean ez
dira bakarrik bizi) hasi direla euskal musikaz eta hitzez gozatzen. Baita bere beste
lagun batzuk ere, eta haruntzagoko beste erkideak ere. Entzulegoa osatu arte.
Auzokidea ezagutuko banu, gustura utziko nizkioke nire diskoak. Eta hitz egingo
nioke Ruperrez, Hiru Trukuz, Itoizez, Laboaz, Anariz, Sakabi ta Egañazpiz,
Rabelez... Nola esan, ordea, nahi baino hobeto ezagutzen ditudala nik Shakira,
Amaral eta Sabina?