Txanbolink_5

Irene Elortza 2013ko mai. 29a, 00:05

Famau, famaue. Goraipatua.

Pertsona famatuen biografiez eta liburuez beteta daude liburudendak. Txarrerako ala onerako, pertsona hauen bizitzen kontakizuna eredu izaten da jende askorentzat. Idazleak eta historialariak betidanik arduratu dira artistez, politikariez eta santuez. Hori gutxi balitz, pertsona “garrantzitsu” askok idatzi du bere autobiografia, inoren lumaren zain egon gabe. Askoz ere urriagoak dira, baina, jende arruntaz idatzitako lanak. Horietako bat da James Ageek eta Walker Evansek 1936ko udan Fortune aldizkariaren enkarguz egin zuten lana: Let Us Now Praise Famous Men: Three Tenant Families (Elogiemos ahora a hombres famosos, Planeta, 2009). Denboraren poderioz, XX. mendeko kazetaritzaren mugarrietako bat bihurtu zen 1941ean argitaratutako liburua.

Bi gerra handien arteko garaia zen eta AEBak bere historiako krisirik txarrenean murgilduta zeuden. Depresio Handiaren sakonenean, artista askok errealismo soziala landu zuten injustizia politikoak eta sozialak tokiko ikuspegi batetik irudikatzeko. Evansen argazkiek eta Ageen testuek Alabamako kotoi zelaietan lan egiten zuten nekazarien eta haien familien bizimodua islatu nahi zituzten. AEBetako laborarien pobrezia zuri-beltzean eta egiatasunez jaso zuten, estetizismo hutsalari amore eman gabe. Bizi-baldintzak zirenak zirela, duintasuna galtzen ez zuen jende arruntaren egunerokotasuna goraipatu zuten bi egileek. Epika erabili gabe; errealitatea bere horretan erakutsita. Eta jende “garrantzitsuari” buruz ari ziren, dudarik gabe.

XXI. mendean ere badira jende arruntari buruz arduratzen direnak, eguneroko istorio xumeak bildu eta gordetzen dakitenak. Horietako bat aurkitu dut Zuzeu albistari digitalean. “Aitxaren kontuak” izenburupean, Hasier Etxeberria idazle eta kazetariak bere aita Felixek idatzitako zenbait oroitzapenen bilduma osatzeari ekin dio, eta alez ale ekarriko ditu webgunera aurrerantzean. Memoriarekin zorrak kitatzeko. Goiz egiten delako berandu.

http://zuzeu.com/blogak/alua-mundua/2012/05/25/aitxaren-kontuak-1/

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide