Espazixoz. Presarik gabe. "Inportantik dizen gauzek espazixoz eiñ ber die ta ez presikin".
Goizean goiz jaikitzeari abantaila bat aurkitu diot azkenaldian. (izango ditu gehiago ere, baina lokartuegi egoten naiz jabetzeko). Irratia piztu eta RNE1eko albistegiaren erdian, 06:35ak aldera, Joaquin Araujo naturalistak duen “El calendario de la naturaleza” izeneko tartea entzutea ederra izaten da. Mundu zoro honek sortzen dituen albiste gero eta beldurgarriagoak alde batera utzi eta, hiru minutuz besterik ez bada ere, beste mundu bat badagoela gogorarazten dit atalak. Betidanik hor egon den mundu erreal bat da, gu desagertzean ere hor jarraituko duen mundu harrigarria. Araujori esker jakin dut maiatzeko aste honetan hasi direla belar printzak jaiotzen mendian, 1.500 metrotik gora. Eta baita zuhaitzek eta oreinek dagoeneko adarkera osoa hedatu dutela, bakoitzak bere erara, biek arrazoi berberak bultzatuta.
Atsegin dut goizeko ordu horietan mendiak, txoriak, errekak, oreinak… zertan dabiltzan irudikatzea. Beste ikuspuntu bat ematen dit. Segidan entzungo ditudan albiste txar eta on guztiek beste neurri bat hartzen dute. Buruan darabilzkidan kezkek, nahiek eta ideiek ere arinago dirudite bat-batean. Naturaren zikloek beste erritmo bat emango balidate bezala.
Pello Zabalaren “Naturaren mintzoa: Egunez egun, sasoien gurpilean” (Alberdania, 2000) liburua gogora ekartzen dit Joaquin Araujoren kolaborazioak. Naturaren mintzoaz eta gauza txikiei erreparatzeari buruzko lezioa da Zabalaren liburua ere. Galtzen ari garen jakituria bat berreskuratzeko aukera ematen dute biek ala biek. Presarik gabe, espazixoz, egin beharreko ariketa guretzat kalekumeontzat.