ZURRUMURRUEI BURUZKO TAILERRAK: URRATEGI ALBERDIREN IRITZIA

admin 2013ko mai. 27a, 18:37

 

URRATEGI ALBERDI

Hiru galdera egin dizkiogu Urrategi Alberdi Aniztasuneko zinegotziari Zurrumurruei buruzko tailerrak direla eta.

Hona hemen gure galderak eta Urrategiren erantzunak:

 

1. Zer helbururekin ekin dio Udaleko Aniztasun sailak zurrumurruen inguruko tailerrak antolatzeari?

Tailer hauek JATORRI ANITZ HERRI BAT lanketa horretan kokatu behar dira. Elkarbizitza hobetzea da helburua. Azkoitian jatorri ezberdinetako pertsonak bizi gara, eta DENOK GARA AZKOITIAR, eta denon artean eraiki behar dugu gure herria, kultur aniztasunak dakarren aberastasuna azaleratu eta aprobetxatuz. Hortik ari gara lanean aniztasun kontseiluan, eta bertan identifikatu zen herrian hainbat aurreiritzi zabaltzen ari zirela eta horri aurre egin behar geniola. Horretarako antolatu ditugu saio hauek SOS Arrazakeriakoekin.

2. Lehen saioak egin ondoren, helburu horiek betetzeko bidean direla iruditzen al zaizue? Zer dela eta?

Lehen saiora 42 pertsona inguru azaldu ginen, maiatzaren 7an. Agustin Unzurrunzagak zurrumurruak nondik datozen eta zergatik sortzen eta barneratzen diren azaldu zuen. Horrekin lotuta Europan hazten ari diren eskuin muturreko korronteak aztertu zituen. Gure asmoen barruan dago herrian talde bat eratzea etorkinen inguruan sortzen diren usteei aurre egiteko. Zurrumurruak elkarbizitzarako muga bat dira, ez digute uzten alboan duguna ezagutzen. Parte hartu zutenak kontutan hartuta, eta ikusirik herrian hainbat arlotan lanean dabilen jendea dela, uste dugu bide onetik goazela.

 

3. Aniztasunaren trataeran hizkuntza funtsezko osagaia izanik, hizkuntza irizpide jakinik izan al duzue kontuan tailerrak antolatzeko garaian?

Herrian dugun aniztasunaren inguruko lanketan garbi dugu euskarak komunikazio eta kohesio hizkuntza izan behar duela, hori baita herri gisa batzen gaituena. Hori horrela, tailerrak antolatzeko garaian euskara lehenestea izan da gure irizpidea eta ulermen arazoak izan ditzaketenei berariazko laguntza eskaintzea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide