2012ko martxoaren 20an MUko Atabala blog artxiboan argitaratua
Gizon batek lau lagun hil zituen atzo, Tolosan (Okzitania), eskola judu baten aurrean egindako tiroketan. Lekukoek diotenez, hiltzaileak kamera bat zeraman lepotik zintzilik, angelu zabaleko filmaketak egiteko aukera ematen duten horietako bat. Itxura batera, bere hilketak grabatzen ditu, eta horrek are gehiago inarrosi du, tragediak berez nahikoa lur jota utzi duen ingurua. Hilketak filmatu? Nola liteke halakorik? Nora iritsi behar dugu?
Fakultateko lankideen artean ere izan da antzeko kezkarik. Batek, mendebaldeko gizarte ustez aurreratu hau noraino iritsi ote daitekeen galdetu du; beste batek, hiletetan ere bideoak erabiltzen direla aipatu du; eta izan da, azkenik, Bertrand Tavernierrek 1980an (duela 32 urte!!!) estreinatu zuen ‘La mort en direct’ film zoragarria akordura ekarri duenik ere, egoerak parekatze aldera. Errealitateak beti fikzioa gailentzen duela itzuri zaio, ia oharkabean.
Fikzioaren eta errealitatearen artekoa ez da batere gai samurra. Biek dute elkarren beharra. Nekez ezagutuko dugu fikziorik gabeko errealitaterik, eta nekez, hain nekez ere, errealitaterik gabeko fikziorik. Beti pentsatu izan dut, fikzioa garaian garaiko errealitatearen zati dela, aldez edo moldez handik elikatzen baita. Eta fikzioak ematen dizkigu, sarri askotan, errealitate hori ezagutzeko giltza nagusiak, historiak berak baino argiago hainbatetan.
Errealitateak beti fikzioa gainditzen duela? Beharbada, bai, baina garbi dago ere bai fikzioak beti aurrea hartu diola errealitateari, Tavernierrek ezezik Orwellek edo Philip K. Dickek erakutsi duten bezala. Ikusi, bestela, Charlie Brooker kazetariak sortu duen ‘Black Mirror’ telesaila, aspaldian ikusi dudan ikus-entzunezko lanik harrigarriena. Lehen atalean, ezezagun batek herrialdeko (Erresuma Batua, argi eta garbi) printzesa bahitzen du, eta eskakizun bakar bat egiten du hura aske uzteko. Bere eskakizuna ordu gutxiren buruan betetzen ez bada, printzesa hil egingo duela mehatxatzen du. Zein den eskakizuna? Herrialdeko lehen ministroak telebistan agertu beharko du, guzti-guztien aurrean, zuzen-zuzenean, eta prime-time-an… txerri bati larrua jotzen. Irakurri duzuena: txerri batekin txortan (lau hankako txerria, ondo uler bedi). Eta kontua da, hori guztia, estilorik ‘errealistenean’ ematen dela. Eta bukaeran, sinetsi ez ezik, barneratu ere egiten duzula gertaera, hasierako algara irribarre, eta irribarrea larridura bihurtzen zaizun bitartean. Zu ere umiliazioaren konplize baitzara.
Fikzioa edo errealitatea da hori? Nolatan eraman dezake norbaitek perbertsioa eta umiliazioa hain urrun? Zer dago horren guztiaren atzean? Bada, exhibizionismoari eta voyeurismoari buruzko gogoeta ezin ziniko eta egiazkoa, garaiko teknologia berrien laguntzarekin egina, zeren eta halakoak bururatzen (eta filmatzen) badira, haiek ikusi egiten direlako da. Hitchcockek zioen, leiho baten atzean dauden hamar lagunetik bederatzi irrikitan daudela, begira-begira, aurreko etxean zer gertatzen den jakin nahian. Eta haren filmografiaren zati garrantzizko bat horri eskainia dago, begiaren, begiradaren eta begiluzearen arteko harremanari. ‘Psycho’ pelikularen dutxako eszenako hiltzailea, azken batean, pantaila aurrean dagoen ikusle begiluzea da, sinbolo falikoa eskuetan duela. Ikuslea baita hilketaren konplizea, Hanekek ere planteatzen duen gisa berean.
Ez nituzke gertaerak alderatu nahi, noski. Bata tragedia mingarria da, hain mingarria ere, eta bestea, fikzio hutsa baino ez. Hala ere, batak zein besteak gogoetarako bidea zabaldu beharko lukete irudien eta ikusleen arteko harremanen inguruan, bereziki dena kontatu, zabaldu, erakutsi eta ikusi egin behar den exhibizioaren garai honetan. Kamera geure ispilu bihurtu ez dadin behintzat.
Andres Gostin