Ingelesaren presentzia gero eta nabarmenagoa da euskal gizartean. Kostatzen ari zaigu hari tarte bat egitea, baina bertan geratzeko gogoz datorren susmoa hartzen diot nik oraingoan. Zein eragin izango ote du horrek euskararen etorkizuneko erabileran?
Aurreikuspenak egiteko modu bat, ez oso fidagarria, iraganera begiratzea da, iraganeko patroi berberak errepikatuko direlakoan. Hau eginez gero, esan genezake euskarak baduela esperientzia hizkuntza indartsuen bizikide izaten (latina, gaztelera, frantsesa) eta oraingoan ere hartuko diola nolabaiteko neurria munduko lingua francari.
Aurreikuspenak egiteko beste modu bat, zentzudunagoa, egungo egoerak dituen ezaugarri bereizgarrietan oinarritzean datza. Ezaugarri horien artean erabakigarriak izan daitezkeen hiru azpimarratuko nituzke:
- Datorren hezkuntza-sistema: Behingoz ingeles maila itxurazkoa izatea ahalbidetuko duen hezkuntza-sistema datorkigula dirudi, ingelesaz gain ingelesez ikasiko dutelako euskal haur eta gazteek. Ingelesaren presentzia sistemaren maila guztietara hedatuko da gainera.
- Dauden eta etorriko diren komunikazio-teknologia berriak: Teknologia berriek, mundu globalizatua esploratzeko aukera tentagarriak eskaintzen dituzte. Bistakoa da ingelesa ezagutzeak biderkatu egiten dituela aukera horiek.
- Euskal Ekonomiaren norabidea: Egungo ekonomia krisiak agerian utzi du, inoiz baino gehiago, euskal enpresek nahitaezkoa dutela nazioarteko merkatuei begiratzea, eta, horretarako, ingelesa menperatzen duten pertsonak ezinbesteko bihurtzen dira.
Hortaz, esango nuke faktore horiek, beste askoren artean noski, euskararen eta baita gaztelania/frantsesaren etorkizuneko erabilera baldintzatuko dutela. Azken eragina, hala ere, faktore bakoitzak hartuko duen indarra eta haiekiko gizarteak izango duen jarreraren araberakoa da. Aurreikuspen zaila zinez.
Litekeena ote da etorkizuneko euskal herritarren agendek (birtualak noski) horrelako itxura hartzea?
- 9:00 Weekly meeting
- 17:00 Jonen irakaslearekin hitzordua
- 20:00 Poteo y cena de los viernes