Askotariko kultura eskaintzen du Matadero Ekintzak taldeak
Azkoitian, eta proiektua zertan den jakiteko galdera batzuk luzatu
dizkiogu Joxe Larrañaga bertako partaideari:
1. Nola dago Matadeixe gaur egun? Zer moduz dago
proiektua bere osoan?
Iñoiz baino biziago eta indartuagoa dago Matadeixe edo Matadero
Ekintzak. Ikuspegi dinamiko eta bizidun modura ulertzen dugu
eraikina bera eta berau osatzen dugun lan taldea, eta ekainean
17. urtemuga ospatuko dugu. Denborak emaniko ikuspegitik,
batez ere sormenari loturik, gogo auto-antolatzaile eta
auto-eraikitzaile batetik abiatutako talde baten modura ulertzen
dugu Matadeixe. Proiektu burujabe eta sostengarri gisa
ber-eraikitzen, ber-osatzen, ber-asmatzen ari den esperientzia
amaigabe gisa ikusten dugu Matadero Ekintzak taldea.
Nahiz eta etorkizunerako gure herrian dugun Proiektu
Urbanistiko ilun horretan ez egon lekurik Matadeixeren moduko
espazioentzat (Matadeixeren gainetik pasako den zubia), guk
egunerokoan jarraituko dugu; gurea dena defendatzen eta
Matadero Ekintzaken izaera lantzen.
2. Nola banatzen dituzue eginkizunak? Zein da
Matadeixeren egituraketa?
Matadeixen erabiltzaile garenok, talde nahiz banakoak,
eraikinaren kudeaketa zein hobekuntzan, nahiz ekintzak burutzean
partaide zuzen gara, astean behin (hala komeni ezkero, edota
beste maiztasun batez, hobeto iritziz gero) egiten dugun
asanblada edo bilera horretarako bide hartuta. Beharren
araberako maiztasunez egindako bileren bitartez, taldeen arteko
komunikazioa bertan gauzatzen da, denon beharrak eta nahiak
azalduaz horiek bideratzen saiatu eta elkar koordinatzeko.
Komunikazio horren fruitua da zer eta nola egin erabakitzea,
datorrenaren aurrean. Denon artean interesgarriak deritzegun
ekintzak aztertzen, aukeratzen eta burutzen ditugu, epeak zehaztu
eta talde lanak eratuz.
3. Zertan ari zarete une honetan?
Ahalik eta jarduera ezberdin eta aberasgarrienak antolatzen,
beti ere geure ahalaren arabera; kontzertu, hitzaldi, zine ekitaldi,
antzerki, erakusketa, bilera leku, ikastaro leku, entsegu leku,
baratza, eta abar…
4. Zer asmo dituzue etorkizunerako? Proiektu berririk ba al duzue?
Epe laburrera antzeko bidean joatea nahi eta espero dugu.
Etengabeko mugimendua gara, talde gisa bizidun garen aldetik,
geure izaeraren bila, etengabeko birdefinitze prozesu baten
barruan ulertzen dugu gure proiektua eta bizi dugun
momentuaren arabera etorriko dira asmo eta ekintzak berriak.