Azkoitian festarik ez dugu falta. Hainbat eta hainbat egun berezi ospatzen ditugu herrian, batzuk tradizioaren harira sortuak dira, eta beste batzuk, herritarren grinak ekarritakoak. Laja eta Landakanda trikitilariek aspaldi abestu zuten Azkoitiri abestian herriko festak beti izaten direla gazte guztientzat gozamena, eta ordurako hala baziren, zer esan oraingoez.
Jaien egutegia, egun, ez da betetzen patroien egunekin bakarrik; gaur, herritarrek sustatutako ospakizunak ere parez pare ditugu Azkoitian. Batzuk, kirolari emanak dira, besteak kulturari, eta badira aldarrikapenei eskainitako beste batzuk ere. Zerrenda luzea osa genezake horiekin guztiekin. Hil honetan, esaterako, kaleak beltzez beteko dira Beltzen Egunaren aitzakian. Joan den hilean, inoizko Pilotari Egunik koloretsuena bizi izan genuen. Trikiti Egunean ikusi genuen trikitilarien erreleboa inoiz baino osasuntsuago datorrela, eta Zapatu Laranjan AEK-ko ikasleek agerian utzi zuten euskara ikasteko grinak ez duela mugarik. Holz Und Blech ere ezin ahaztu, lagun min bat oroitzearren Azkoitia musika elektronikoaren hiriburu bihurtzen baita zenbait egunez. Auzoetako jaiak eta punta bateko nahiz besteko mendi egunek zabaltzen eta osatzen dute sarea.
Festa egun bakoitzak bere izaera propioa du, jakina. Ez dira munduko ezagunenak, baina bai balio handikoak: auzolanaren, talde lanaren eta herritartasunaren ispilu. Interesgarria da, eta nola ez, nabarmentzekoa ere bai, herrian hainbat taldek edota lagunek beren kabuz nola sortzen dituzten festarako egunak. Santu egunak ohikoak dira Euskal Herri luze-zabalean, baina Azkoitian, horiez gain, ari gara bestelako zerbait sortzen, eta hori eskertu eta txalotu beharra dago. Egun berri horiek guztiak, gainera, ez dira goitik herrira datozenak, behetik gora doazen proposamenak dira. Herri bat bizia bada, bada bere festa propioak sortzeko eta ospatzeko dituen gaitasunengatik ere, bere neurrira, bere erritmora.
Herri bat bizia bada, bere egun propioak sortzeko eta ospatzeko dituen gaitasunagatik da
Aurrez zerrendatutako egun horiek guztiak ez dira soilik ondo pasatzeko aitzakia; herri baten nortasunaren erakusleiho ere badira. Egun horietan, herria beste modu batera sentitzen eta bizitzen dugula uste dut: bat eginda eta zoriontsu; harro, baina harrokeriarik gabe.
Baliteke hurrengo urtean beste kolektibo edo eragile batek bultzatuta, egun berri bat sortzea; berri ona litzateke, ongietorria izango da eta, jakina. Amaitu aurretik, izan dudan burutazio bat nahi nuke zuekin elkarbanatzea: ondo legoke herriko egun berezi guztiak batera bilduko lituzkeen egutegi bat sortzea, herritar guztion esku egongo litzatekeena.
Eta zuek, zer egun ospatuko zenukete gustura?